Bi mila eguzki-plaka jarriko ditu Maderas Gamizek Kanpezuko lantegian

Erredakzioa 2021ko ots. 18a, 07:00
Zur laminatuzko habeen munduko lehen fabrikatzailea da Maderas Gamiz. GAMIZ

Arabako Mendialdeko enpresa erreferenteak autokontsumorako planta fotovoltaikoa jarriko du martxan. Bere energiaren kontsumoaren %26 estali nahi dute horrela.

Maderas Gamiz Arabako Mendialdeko enpresa ezagunak 1.800 plaka fotovoltaiko dituen instalazioa martxan jarriko du Kanpezun duen zerrategia elikatzeko. Hego Koreako Hanwa Energyren menpeko den Imagina Energia taldearekin batera egingo du proiektua. Modu horretan, 801 kilowatteko potentzia bermatuko dute, eta orduko 684 megawatteko energia lortu ahal izango dute. Bestalde, urtean 1.001 tona CO2 isurtzeari utziko diote.

Autokontsumoa oinarri duen instalazio horrekin fabrikaren energia beharraren %26 estaliko dutela aurreikusi dute. Gainerako energia-beharrak "%100 berriztagarria den eta eguzki-ziurtagiria duen sareko energiaz asetuko dira", azaldu dutenez.

Proiektuak Gamiz Taldearen trantsizio energetikoa indartuko du, Imagina Energiaren eta autokontsumoa bultzatzeko estrategiaren eskutik. "Horrela, bezeroak beren energiaren jabe bihurtzen dira. Halaber, planteamenduak %20tik gorako aurrezkiak ematen ditu urteko energiaren fakturan, epe luzeko energiagatik prezio finko bat ezarriz".

Etorkizuneko apustuak

1942tik zurezko produktuak ekoizten dituen konpainia da Gamiz. Historian zehar kalitate eta iraunkortasun ziurtagiri ugari lortu ditu, I+G+Bn egindako inbertsioei esker. Taldeak berak adierazi duenez, bere helburu nagusien artean "aldakortasun konstruktiboa eta ingurumenaren babesa" daude. Hartara, printzipio horien ondorioz, 2013an, haritzezko habe laminatuen munduko lehen fabrikatzaile (eta bakarra) bihurtu zen Gamiz.

Imagina Energia, berriz, Hanwa Energy Hego Koreako konpainia berriaren marka da, eguzki energian espezializatutako munduko konpainia garrantzitsuenetako bat. Espainiako Estatuan aurreikusita duen plan estrategikoaren arabera, enpresak, hamar urtera begira, 1.500 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusi du autokontsumoko instalazioetan.

Energiaren autokontsumoa azken bi urteetan nabarmen hazi da, batik bat PPko gobernuek ezarritako oztopo administratiboak kendu ostean. Izan ere, EAEn eta Andaluzian erregistratu ziren autokontsumorako instalazio eskaera gehien 2019an. Erkidegoan, 7,8 MWekoa izan zen eskaera, 276 proiektutan banatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide