Iturrietako neurketa-dorrearen instalazioa geldiarazteko alegazioak aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2021ko urt. 29a, 14:08
EAEko lehen parke eolikoa, Elgea mendian. / IREKIA (Mikel Arrazola)

Arabako Mendiak Aske plataformak eta EH Bilduk alegazioak aurkeztu dituzte Arraia-Maeztuko Udalean, Iturrietako Mendietan haizea neurtzeko dorre bat jartzeko prozedura geldiarazteko eskatuz.

Aixeindarrek proposatutako neurketa-dorreak Iturrieta-1 du izena. Iturrietako Mendietan energia eolikoa ekoizteko zentral bat jarri aurretik jarriko da dorrea, haizea neurtzeko. Mendiak Aske plataformak gogorarazi duenez, Eusko Legebiltzarrak 2009an baztertu zuen kokaleku hori, "hura sostengatzen zuen Lurralde Plan Sektoriala indargabetu zuenean".

"Izapide horrek nahitaezko administrazio-prozedurak saihesten ditu, besteak beste, Lurralde Antolamendurako Gidalerro berri eta aurreratuenen oinarrizko araua errespetatzea edota horiekin lotutatu Lurralde Plan Sektorial berri bat, gaur egun onartu gabe dagoena", salatu du plataformak.

Plataformak ohartarazi duenez, "ezin dira kokalekuak markatu, ezta ekintzak izapidetu ere, marko hori kontuan hartu gabe". Hori dela eta, Mendiak Aske taldearen ustez, "zentzugabekeria administratibo baten aurrean gaude, sakonean eta forman; eta zentzugabekeria horrek 2009an agerian eta blokeatuta zeuden akats berberetan jarraitzen du".

Haizea neurtzeko dorrea jartzeko baimena ez emateko azaldu duten arrazoi nagusia ez bakarra Iturrietako Mendietan zentral eoliko bat kokatzeko Baztertze Adierazlea da, Ingurumen Ministerioaren Energia Eolikoa Instalatzeko Ingurumen Zonifikazioaren Memorian azaldutakoaren arabera; Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak berretsi egin du hori.

Babestutako gunea

Alegazioetan azaldu dutenez, "babestutako gune horren hauskortasunaz gain Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planarekin batera Kontserbazio Bereziko Eremu gisa katalogatuta dago, ez da aintzat hartzen leku horretan dauden akuifero karstikoen kalteberatasuna, eta ezetsi egiten dira, halaber, jarduketa horrek kaltetuko lituzkeen aztarna arkeologiko ugariak".

Inpaktuak

Gainera, uste dute "ez direla zuzenak identifikatutako inpaktuei buruz egindako ebaluazio asko inpaktuak ebaluatzeko matrizean jasotakoak, eta ez direla nahikotzat jotzen inpaktu esanguratsuetarako aurreikusten diren neurriak". Ildo horretan, flora edo faunaren kaltearen osteko berreskuragarritasun-balioak aipatu dituzte, "beti berehalako berreskuratzea lehenesten baita".

Hegaztiak

Plataformak ohartarazi duenez, neurketa-dorrea jartzea baimenduko balitz, "istripu saihestezin" bat gerta liteke sai zuriekin, Entziako ugatzaren batekin edo Bonelliko arrano bikotearekin; azken horiek kilometro gutxira dute habia, eta Aldundiak berak ahalegina eta dirua inbertitu ditu espezie berriro suspertzeko, ale gazteak askatuz.

EH Bilduren alegazioak

Halaber, aste honetan ere, EH Bilduk Iturrietako haize-neurgailuaren instalazioa gelditzea eskatu du, Arraia-Maeztuko Udalean aurkeztutako alegazioen bitartez. Koalizioaren arabera, "zentral eoliko bat eraikitzeak eragin negatibo atzeraezinak eragingo lituzke ingurunean", eta, euren ustez, "energia berriztagarriak garatzeko planifikaziorik ez dago".

Alegazio horietan, Aixeindarrek bultzatutako 15 haize-errota eraikitzeko kokalekua "behin betiko baztertzea" eskatu du EH Bilduk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide