Kaleratzeak iragarri ditu Bernedoko Altan Pharmaceuticals enpresak

Erredakzioa 2020ko aza. 19a, 12:57

Hitzarmenaren negoziazioa bertan behera geratu da. / ELA SINDIKATUA

Bernedoko plantan 150 langile dituen Altan Pharmaceuticals enpresa farmazeutikoaren zuzendaritzak kaleratzeen bidez kostuak aurrezteko asmoa adierazi dio plantillari. Langileen batzordeak bere "ezezko borobila" iragarri du.

Altan Pharmaceuticalseko enpresa batzordeak ELAko 6 ordezkari eta LABeko 3 arbuiatu du "langileak kaleratzeko eta lan baldintzak okertzeko" enpresak iragarritako plana. Izan ere, zuzendaritzak kostuak aurrezteko asmoa azaldu berri die.

Sindikatuen arabera, hori guztia kaleratzeen bitartez eta "produktua prezio merkeago batean ateratzeko" helburuarekin egin nahi du enpresak. Oraingoz, hala ere, zuzendaritzak ez du zehaztu kaleratzeen kopurua.

Horrela, hitzarmenaren inguruan martxan zegoen negoziazioa bertan behera utzi du zuzendaritzak, eta, langileen ordezkariek azaldu dutenez, momentuz ez du negoziazioa berrartuko, ezta 2020an izan duten "ultraaktibitatea" berreskuratuko ere. Izan ere, urte honetan lan karga handia izan du Bernedoko enpresak, baina, orain, jabeek kaleratzeak jarri dituzte mahai gainean; langileen ustez, "mozkinak hobetzeko".

Plantillak eta enpresa batzordeak "edozein neurri traumatikori ezezko borobila" adierazi diote, eta "lanpostuak zein lan baldintzak mantentzeko borrokatuko" dutela ohartarazi dute.

Kaleratzeen aurkako pankarta Altan Pharmaceuticalseko plantan. / ELA SINDIKATUA

 

Mendialdeko enpresa garrantzitsua

Egun, 150 langile dituen enpresa farmazeutikoa da Altan Pharmaceuticals. Bernedon kokatuta dago, eta gehienbat emakumez osatutako plantilla du.

Biomendi S.A.U. izenarekin sortu zen 1991n, hainbat toki-erakunderen kapital publikoarekin eta Arabako Mendialdean enplegua sortzeko helburuarekin. Une honetan, ordea, enpresaren jabea Altan Pharma da; talde farmazeutiko hori Irlandan dago kokatuta, bere politika fiskalagatik ezaguna, eta, sindikatuek gogorarazi dutenez, 2017an 2 milioi euro inguruko dibidendoak banatu zituen Altan Pharmaceuticalsen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago