Gure bazterrak

Odonatuen etxe atarian

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko aza. 8a, 08:00

Kintanan daude Las Rozas eta Las Huertas urmaelak, eta Las Rozas baltsaren inguruan erkidegoko odonatuen espezie ezberdinen populazio handienetariko bat. Txango ugari egin daitezke bertatik.

Urez inguratuta dago Kintana, Ega ibaira doazen zenbait errekaren gainean kokatuta baitago, Izkiko parke naturalaren hegoaldean eta Nafarroako Cabredo herriaren mugan. Herriaren inguruek gorde duten aberastasun naturalaren lekuko da Kintanatik kilometro eskasera dagoen Las Rozas izeneko baltsa. Nekazaritza lurrak ureztatzeko sortu zen urmaela, baina denboraren poderioz eta nekazaritzaren gainbeherarekin, gero eta gutxiago erabiltzen dute eta naturalizatu egin da. Bertan aurkitu daitezke erkidegoan dagoen era askotako odonatuen –sorgin-orratz, burruntzi, txitxiburduntzi eta mariburduntzi– populazio handienetako bat. 

Arabako Natura Institutuko kide Jose Antonio Gainzarainek 2012. urtean Izkiko parkearen odonatuen inguruan argitaratu zuen azterketa batean jasotzen du Las Rozaseko baltsaren berezitasuna. "Horren tamaina txikia duen hezegune batean, mota horretako hainbeste espezie biltzea salbuespena da, baita penintsulan ere; izan ere, orain arte aztertutako kokagune iberikoen artean, Gironako Banyoles lakuak soilik ditu espezie gehiago, eta handiagoa da baltsa hori –kilometro koadro bat du, 2,5 hektarearen aldean–".  Espezie mota desberdinen kopuru handiaren atzean dago, besteak beste, Kintanako baltsaren ingurua ondo gorde izana eta uraren kalitate ona. 

Izkin ere, baina Las Rozasetik urruti, Birgarako Olandina urmaela dago, eta inguruan ditugu Urturiko Espinal baltsa eta Maeztuko Haritzaren urmaela. Guztietan nabarmentzekoa da odonatuen fauna aberatsa.

Hala, intsektu hauen eta Izkiko parkean bizi diren hegaztien behaketa sustatzeko orain dela urte batzuk Hezeguneen Ibilbidea egokitu zuten. Bi orduko txango lasai horren abiapuntua Urturi da. Marizurieta bidexka hartu beharko da El Espinal eta El Raso urmaeletara iristeko, eta aurrerago aurkitzen dira Kintanako Las Rozas eta Las Huertas baltsak.

Mandazainen zidorra

Herriaren inguruetan ere antzinako benta zaharra eta ondoan dagoen Sortzez Garbiaren ermita bisitatu daitezke, Aragoitik, Nafarroatik eta Errioxatik Kantaurirantz joan nahi zuten mandazainak hartzeko eraikitakoak. Bertatik igarotzen da, bestalde, Mandazainen zidorra eta, besteak beste, ametz-baso ederra ezagutzeko aukera ematen du.

Kintanako kale lasaiek ere  bisita bat merezi dute. Herriaren erdian elkartzen dira plaza moduan eta herriko ia etxe guztiak harlanduzkoak dira. Nabarmentzekoa da Latinaren eta Katedraren Etxea, 1608an eraikita. Gainera, 1802. urtean gramatika eta lehen letren maisuak zeuden, eta ikasleak eta etorkizuneko erlijiosoak prestatzen zituzten bertan. 

 

Kuadrilla: Arabako Mendialdea.

Udalerria: Bernedo.

Biztanleak: 20.

Bitxikeriak:  Zuhaitzen enborretan erlauntzak jartzen zituzten Kintanako bizilagunek. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago