Kanpezuko Guardia Zibilaren kuartela margotu eta Espainiako bandera lapurtu dute

Erredakzioa 2020ko urriaren 13a

Ernaik plazaratutako bideoaren fotograma bat. / ERNAI

Kanpezuko Guardia Zibilaren kuarteletik Espainiako bandera lapurtu du Ernaik. Horrez gain, harresian Ez zaituztegu onartzen idatzi eta margo gorria jaurti dute.

Bideo baten bitartez, Ernai gazte antolakundeak Kanpezuko Guardia Zibilaren kuartelean egindako ekintza aldarrikatu du astelehen gauean, urriaren 12ko Hispanitatearen Eguna salatzeko protesten harira.

Ikus-entzunezko dokumentuan ikusi daitekeenez, kaputxadun gazte talde bat kasernara hurbildu zen, gauez, eta Ez zaituztegu onartzen leloa idatzi zuten harresian. Horrekin batera, su-itzalgailu batekin margo gorriz bete zuten kuartelaren atea, eta, azkenik, Espainiako bandera lapurtu zuten: "Ez zaituztegu onartzen! Indar okupatzaileak kanpora, espainiar kolonialismoa kanpora, monarkia frankista kanpora. Atera zuen esku zikinak Euskal Herritik!", adierazi du Ernaik ekintza aldarrikatzeko plazaratutako txioan.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok gertatutakoa salatu du Twitter bidez: "Gaur, urriaren 12an, besarkada handi bat bidali nahi diet Guardia Zibilaren Euskadiko agenteei, batez ere Kanpezuko eta Zarauzko postuetan daudenei, intolerantzia eta sektarismo ekintzak jasan baitituzte".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago