Urrian aurkeztuko dute Mendialdeko meatzaritzaren proiektua

Erredakzioa 2020ko ira. 24a, 17:54
Lucia meategiaren barruko irudia. AFA

Bizilagunekin lankidetza prozesu berri bat hasi nahi dute administrazioek, egin nahi den museoan "asfalto meategia jardunean ezagutu zutenen testigantzak eta oroitzapenak jaso daitezen".

Urriaren 8an, Maeztuko udaletxean, aurkeztuko dute "Arabako Mendialdeko meatzaritzako paisaien baliabide paisajistikoak, kulturalak, hezkuntzakoak eta ekoturistikoak sustatzeko eta balioesteko proiektua". Arabako Foru Aldundiaren eta Mendialdeko Kuadrillaren eskutik landu da egitasmoa, eta ezagutarazteko asmoz antolatu da hitzaldia, 18:30ean. CRS Ingeniera enpresako kontseilari delegatua Juan Leon Collaut eta Jose de la Trova izango dira aurkezpenean. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak CRS Ingenieria enpresari esleitu dizkio Arraia-Maeztuko Lucia meategia sendotzeko, eta erabilera publikorako eta eko-turistikorako egokitzeko eraikuntza-proiektua idazteko lanak.

Batzar horretan, proiektuaren nondik norakoak azaltzeaz gainera, inguruko herritarren testigantzak eta objektuak biltzen hasiko dira. "Meategia jardunean ezagutu zutenen oroitzapenak sartu nahi ditugu egingo den museoan. Dituzten oroitzapenak kontatzeko eskatuko diegu, bai eta etxean gordeta dituzten antzinako objektuak ere, halakorik izanez gero, meategietako bizimoduaren kontakizun osoa eraiki ahal izateko", azaldu du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak.

Lurpeko museoa

Mendialdeko zenbait eremutako meatze-paisaiak bisitatzeko aukera eskaini nahi da proiektuari esker, hala nola Atauri, Lotza, Elortza edo Zekuianokoak. Dena den, lehenengo lanak Lucia meategian (Arraia-Maeztu) egingo dira: eremua seguru bihurtzeko obrak egingo dira, bisitatzeko aukera eman aurretik; eta antzinako sarbidea egokituko da. Gainera, udalerriak lurpeko museoa izango du, Vasco-Navarro trenbidearen ibilbide berdearen alboan eta Izkiko parke naturalean bertan.

Ingurumen Sailak "esku hartze arina" egitearen alde egin du, alegia, ahal den heinean paisaia eta jatorrizko egitura errespetatzearen alde. Eraldaketa proposamen horri esker, bisitariek aukera izango dute antzinako meategietara sartzeko 300 metro luze den ibilbidea eginez.

Foru Aldundiak hitzarmena izenpetuko du Eusko Jaurlaritzarekin, elkarren artean finantzatzeko ingurumena lehengoratu eta eremuaren balioa nabarmentzeko lanak. Zehazki, guztira 867.150 euroko ekarpena egingo dute lehen fase horretan (%55 Aldundiak eta %45 Eusko Jaurlaritzak).

Asfalto meategien historia

Lucia meategia lehengoratzeko lanak egin ondoren, hurrengo esku hartzeak Diana meategian (Lotza, Urizaharra) edo Elortza-Zekuianoko meatze eremuan (Arraia-Maeztun, hori ere) egingo dira.

Araban asfalto arroken hobi oso bereziak daude, eta duela bi mendetik hona ustiatu izan dira. Hain zuzen, XIX. mendearen amaieran, meategiek Europan erreferente bihurtu zuten Arabako industria, asfalto naturalaren aprobetxamenduan. Asfaltoak kareharri bituminosoak izeneko masak inpregnatu ditu Arabako Mendialdeko hainbat lekutan. 1855. urtean, Lotzako herriaren (Urizaharra) inguruan asfalto naturala ustiatzeko lehen urratsak ematen hasi ziren, Diana meategiaren mugapean. Ondoren, Arabako Mendialdeko hainbat lekutan ustiategi berriak egin ziren; meatze ustiapenen hainbat emakida egin ziren, asfaltoari loturiko sozietate eta konpainiak sortu ziren eta harrobi eta lantegiak ustiatu ziren. Meatzaritza jarduera nagusia Arraia-Maeztun egin zen, Elortza, Korres, Maeztu eta Atauri herrien inguruan, hain zuzen ere.

Meatze eremu zahar horiek hondatuta eta bertan behera utzita daude gaur egun, eta inpaktu zuzena dute inguruko ekologian eta paisaian. Hala ere, ondare geologiko eta natural, historiko, industrial eta kultural baliotsua dute. Gainera, espazio horiek ia guztiak Natura 2000 Sareko eta haren babes eremu periferikoetako ekologia eta paisaia balio handiko eremuetan daude.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide