Mendialdea Irratia

"Landa eremuaren errealitatea zabaldu nahi dugu irratiarekin"

Mirian Biteri 2020ko ira. 26a, 08:00
Miguel Angel Perezek, Marta Masek eta Aritz Ibañezek (erdian) osatzen dute Mendialdea Radio.

Mendialdea Radio irratiaren sustatzaile Aritz Ibañezek egitasmo berriaren inguruan hitz egin du.

Kultura oinarri hartuta, hiri eta landa eremuaren arteko "eten" kontzeptuarekin amaitzea eta Mendialdeko errealitatea ezagutaraztea helburu duen irratia aurkeztu dute eskualdean. Mendialdea Radioren sustatzaile Aritz Ibañezek egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Zer dela eta Mendialdean irrati bat abian jartzeko ideia?

Arabako Mendialdean arte eszenikotara lotuta dagoen proiektu bati ekin genion 2019. urtean, eta horrekin landa eremuan aritzen ziren beste ekintzaile asko ezagutu genituen, baita landa eremuan egun ematen diren dinamika demografikoari buelta emateko lan egiten duten entitateak ere. Beti pentsatu dugu hiri eta landa eremuaren arteko ebakia edo etena kontzeptuala dela, hortik datozela beste eten eta arazo guztiak. Eta ebaki hori ixteko kulturan oinarrituriko proiektu zabal bat diseinatu genuen lurraldeko berezko irratia martxan jarrita; lehenengo pausuaren garrantzia estrategikoa eman genion.

Hortaz, eten kontzeptu hori ixtea da egitasmoaren helburu nagusia?

Hiri eremuarekin alderatuta, ezaugarri ezberdinak eskaintzen duen aukera bat da, bere gauza on eta makalagoekin.

Bai. Kulturan, ekintza eta berrikuntza sozialetan oinarrituriko emanaldi eta saioen bidez, bai landa eremu barnerantz, eta baita bertatik mundura ere, egungo herrien eta landa eremuaren errealitatea zabaltzea da helburua. Pertsonek eta, ondorioz, gizarteak berak barneratu dezan herri batean bizitzea ez dela aukera gutxiago izatea, ezta postal batean bizitzea ere. Hiri eremuarekin alderatuta, ezaugarri ezberdinak eskaintzen duen aukera bat da, bere gauza on eta makalagoekin. Eta zure bizimoduarekin zein ezaugarri datorren bat bakoitzak erabaki behar du.

Noiztik dago martxan Mendialdea Radio?

Orain dela hilabete batzuk ekin genion lanari, eta lehen emanaldia orain dela aste pare bat soilik abiatu zen, Atauri Art Atauriko antzerki jaialdiari buruzko saio berezi batekin eta gure lehenengo Magazinarekin. Atzetik lan asko dago: ideiak zehaztu material teknikoaren alorrean murgildu behar duzunarekin asmatzeko, erabiltzen ikasi, proiektua bertako erakundeei aurkeztu, kolaboratzaile bezala nahi dituzunekin hitz egin...

Zenbatek osatzen duzue eta nola funtzionatzen duzue?

Hiru pertsona gaude "zuzendaritzan" eta arlo teknikoan: hain justu ere, Miguel Angel Perezek, Marta Masek eta nik neuk osatzen dugu egitasmoa; eta gero, kolaboratzaile ezberdinen laguntza dugu.

Internet bidez entzun daiteke, podcast forma bidez ezta?

Ivoox plataforman zintzilikatuko ditugu saio guztiak, Mendialdea Radioren profilean.

Hala da, bai. Ivoox plataforman zintzilikatuko ditugu saio guztiak, Mendialdea Radioren profilean. Bestetik, gure mendialdearadio.com web orrialdean ere badaude entzuteko zain, beste eduki ezberdin edo osagarriekin batera. Etorkizunerako FM izatea amesten badugu ere, formatu honetan hastea zen zentzudunena. Dial bat lortzea ez dago momentuz eskura, kostua baino gehiago, eskuragarritasun faltarengatik.

Nolako da Mendialdea Radioren programazioa?

Atauri Arteko saio berezia alde batera utzita, jaialdiaren atarian bertan egitea zelako helburua, Magazinea izango da emanaldiaren ardatza. Bi asteroko maiztasuna izango du, eta aktualitatea, agenda kulturala eta jarduera sozialekin lotutako tarteekin diseinatu dugu. Epe laburrera begira, beste bi saio jarri nahi ditugu martxan: maiztasun berberarekin bata, elkarrizketan eta literaturan oinarrituta; eta hilabeteko maiztasuna izango duen musika saioa, bestea.

Zer toki du euskarak egitasmo berri honetan?

Web orria euskaraz ere aurkezteko bidean gaude, baina muga teknikoak ere baditugu aukeratutako plataforman.

Garrantzia handia dauka. Magazinaren ehuneko handiagoa euskaraz egitea gustatuko litzaiguke, baina ezin dugu ezkutatu Arabako Mendialdeko egungo errealitatea, eta entzuleekin zorretan gaude irrati saio baten alde. Baina, sare sozialetan bi hizkuntzetan aritzen gara, eta webgunean, edukietan %50ean gabiltza. Web orria euskaraz ere aurkezteko bidean gaude, baina muga teknikoak ere baditugu aukeratutako plataforman. Eta denbora... honek ez digu jaten ematen, eta lanari kendu ahal diogun denborak ere muga bat dauka.

Herritarren parte-hartzea sustatzen duzue. Nola?

Apurka goaz hori garatzen. Irrati emanaldiak zuzenean ez izateak bereziki zailtzen du hori. Sare sozialen eta gure web orriko kontaktu formularioaren bidez egin nahi dugu. Oso garrantzitsua da guretzako herritarren eta entzuleen parte-hartzea, beraiek ere Mendialdea Radio izatea, komunitatea eraikitzea.

Kolaboratzaile sarea osatzekotan zabiltzate orduan...

Sarea, sarea... (kar, kar, kar). Momentuz, gu bezala Arabako Mendialdean kulturarekin lotutako proiektu politak egiten dituztenak gonbidatu ditugu Mendialdea Radioren parte izatera. Natouring bada jada, Atauri Art jaialdia antolatzen duen Arratiandi Kultur Elkartea bezala, eta hizketan gabiltza beste hiru edo laurekin. Jendearentzat ez da erraza, eta maiztasunak, kolaborazioen izaera eta abar ondo neurtu behar dira atzera pausurik ez emateko.

Kulturak garrantzia handia dauka proiektu honetan...

Bai. Gure ustez, kultura zerbait transbertsala bezala hartuta, sorkuntza-kultura sektorea da, eragile sozioekonomikoaren buru izanda, balio sozial handiko pertsonak garatu dezakeena. Horrelako pertsonak ezinbestekoak dira batasuna eta kohesioa indartzeko, berdintasuna garatzeko eta ekimen zein berrikuntza sozialen bidetik, era natural batean, aurrera egiten duen gizartea lortzeko

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide