Isaac Puente Maeztuko medikua izan zen, eta 17 urte eman zituen Arabako Mendialdean lanean, atxilotu, hil eta desagertu zuten arte. Arabako anarkismoan duen inplikazioa Alfredo Donnay -bere abesti herrikoiengatik ezaguna- bezalako militanteekin Gasteizen eta Maeztun izandako topaketetatik sortu zen.
Iberiar penintsula osoan zabaldu zen Puenteren eragina. Bigarren Errepublikako urteetan erreferentziazko egileetako bat izan zen bere Komunismo libertarioa lan ezagunari esker; lan horrek CNTk Zaragozan egindako kongresuaren azken ebazpena inspiratu zuen, 1936ko maiatzean.
1936ko udan, estatu kolpea
Araba gehiena kolpisten kontrolpean geratu eta errepresio basatia hasi zen 1936ko udan. Kartzelak eta arekak bete zituzten ehunka militante antifaxista, errepublikano, libertario, abertzale eta ezkertiarrek. Une hartan, Isaac Puente ere arriskuan zegoen, eta Arburu mendian ezkutatu zen.
Egun batzuk beranduago, Maeztura itzultzea erabaki zuen; bere presentzia beharrezkoa izanez gero adostu zuen bezala, kandela baten argiarekin abisatu baitzuten: Los Arcoseko (Nafarroa) mutil bat balaz zauritua izan zen, erreketeen talde batengandik ihes egiten zuenean.
Puente menditik jaitsi zen mutikoa sendatzeko, eta, une horretan, berriro ez ezkutatzea erabaki zuen. Maeztun geratu zen, eta bi egun geroago atxilotu zuten. Bere hirugarren eta azken atxiloketa izango zena 1936ko uztailaren 28an iritsi zen, Gerra Zibila hasi eta bi astetara.
Falangistek eta guardia zibilek bere etxea inguratu zuten goizaldean, eta Gasteizko La Paz kartzelara eraman zuten, Bake kalean.
Hilketa estrajudiziala
La Paz kartzelan giltzapetuta egon zen irailaren 1era arte. Egun horretan, falangistek ziegatik atera zuten, epaiketaz kanpo hil zezaten. Kamioi batean eraman zuten eta ez zen haren berri gehiagorik izan. Pancorbo inguruan (Burgos) fusilatu zutela uste da, baina gorpua ez da inoiz aurkitu.
Hilketa Jose Millan-Astray jeneral kolpista eta Legioaren sortzaileak abuztuaren amaieran Gasteizera egindako bisitatik egun gutxira gertatu zen. Ordura arteko errepresioa nahikoa ez zela uste zuen, eta heriotza gehiago eskatu zituen. Espainiako Bankuaren balkoitik egin zuen diskurtso faxista eta odolzale hori. Zer diren gauzak, eraikin hori Madrilgo gobernuak ezarritako memoria baztertzailearen zentro bat izatekoa da gaur egun; izan ere, Estatu terrorismoaren milaka biktima kontakizunetik kanpo utzi ditu.
Frankismoaren itzal luzea mila modutara iristen da gaur egunera arte, eta Maeztuko mediku anarkistaren gorpuak leku ezezagun batean jarraitzen du, beste hainbatek bezala. Baina Arabako memoriak bizirik dirau, eta borroka antifaxistak jarraitzen du, orain eta beti: Isaac Puente, gogoan.
Informazio hau @Landerlandia txiolariak argitaratu du, eta elkarlanari esker Twitterretik ALEAra ekarri dugu, euskaraz. Hemen duzue jatorrizko haria.