Edorta Lamo | Mendialdea

Inta bidea, udako txoko freskoa

Mirian Biteri 2021ko abu. 20a, 14:00

Ega erreka ondotik doa Inta pasealekua; karramarroak hartzeko toki ona dela dio Edorta Lamo sukaldaritzak. EDORTA LAMO

Mendialdeko Ega erreka ondoan eta basoen artean dago Inta pasealekua, Edorta Lamo sukaldariaren toki kuttunena. Santikurutze Kanpezuko amaieran du abiapuntu Araba eta Nafarroa lotzen dituen bideak.

Bere izenak dioen bezala, mendi eta haran txikien artean dago Arabako hego-ekialdean kokatuta dagoen Mendialdea kuadrilla. Eskualdeak 485  kilometro koadroko zabalera du, oso erliebe malkartsuan dauden sei udalerritan banatuta: Arraia-Maeztu, Bernedo, Kanpezu, Lagran, Urizaharra eta Harana; udalerriek, denera, 47 herri biltzen dituzte.

Mendialdeak edertasun handiko eta aniztasun aberatseko inguruneetan ibilaldi lasaiak eta atseginak egiteko aukera eskaintzen du; horien artean, Edorta Lamo sukaldariak aukeratu duena dago: Kanpezu aldeko Inta bidea. 

Sustraietara buelta

Gaztea bada ere, sukaldaritzan ibilbide luzea du Lamok (Gasteiz, 1980). Oñatin sukaldaritza ikasketak egin ostean, AEBetan ibili zen lanean. Etxera itzultzean, Gasteizko Hor Dago tabernan ibili zen, eta 2006an A Fuego Negro jatetxea zabaldu zuen Donostian, Amaia arrebarekin batera. Proiektu horrekin kritika ezin hobeak jaso ostean, bizimoduz aldatu zuen. "Nire oinarrira eta izatera itzuli naiz", laburbildu zuen orain dela bi urte ALEAri eskainitako elkarrizketan. 

Familiarekin batera, Santikurutze Kanpezura bizitzera joan zen eta bertan proiektu gastronomiko berria jarri zuen martxan: Arrea! jatetxea. Mendialdean eta Kanpezun "estalita egon den arbasoen kultura eta bizimodu latza" azaleratzea bilatzen du egitasmo horren bidez. 

Lamok azpimarratu du eskualdea bere osotasunean "leku magiko eta ikaragarria"  dela berarentzat. "Hemengoa izateak badu bere influentzia horretan, baina kanpoan 20 urte eman eta orain dela bi urte nire herrira (Kanpezu) bueltatu ostean, konturatu naiz Mendialdeko bazter guztiez maiteminduta nabilela", onartu egin du.

"Leku benetan aproposa udako partean, paseotxo fresko eta atsegina egiteko".

Hala ere, baditu leku edo pasealeku gogokoagoak, eta horien artean Inta bidea dago. Santikurutze Kanpezu herriaren bukaeran dago, eta Ega erreka ondotik doa: "Pasealeku erraza, aldaparik gabekoa eta Araba eta Nafarroa lotzen duten bidea da. Leku benetan aproposa udako partean, paseotxo fresko eta atsegina egiteko. Erreka alboan izateaz gain, zuhaitzen itzalez betetako bidea da, eta hortaz, Mendialdeko leku freskoenetarikoa da".

Kanabera alokatzeko aukera

Jendeak inguruko mendietatik ibiltzeko joera duela eta, hori normalean bide lasaia dela azaldu du, hutsik egoten dena. Horrekin lotuta, zera aipatu du: "Asko gustatzen zait, hain zuzen ere, seme-alabekin joateko nahiko paseotxo erraza izaten delako; txikiak dira oraindik eta mendira joatea gogorra egiten zaie". Gainera, bide erdian Kanpezuko arrantza egiteko aintzira dagoela gogoratu du: "Kanabera bat alokatu daiteke bertan, eta amuarrainak atera ditzakezu hango tabernan zeozer hartzen duzun bitartean", aipatu du. Amuarrainez gain, karramarroen bila ere joaten da udan: "Ega errekan hartzen ditugu, eta bide honetatik gure leku aproposenak ditugu karramarroak biltzeko". 

Aitona-amonek bizirauteko, eta, hortaz, produktuak eskuratzeko beraiek egiten zutena praktikan jartzen du Arrea! jatetxean. Ehiza eta arrantzaz gain, fruitu eta belar basatiez baliatzen ziren arbasoak, eta Lamo bide beretik doa proiektuan: "Urte osoan hosto eta belar bereziak biltzeko erabiltzen dut Inta bidea; gainera, urte guztian zehar freskotasuna mantentzen duenez, belar zehatz batzuk lortzeko leku aproposena da", adierazi du sukaldariak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago