Azazetako zeharbidean trafikoa baretzeko obrak amaitu dira

Erredakzioa 2020ko uzt. 28a, 18:00
Espaloi berriak, sakagailudun semaforoa eta zebrabidea jarri dituzte Azazetan. / AFA

Azazetako bizilagunen aldarrikapen historiko bati erantzun diote Aparteko Inbertsioen Foru Planaren barruan egindako lanek. Berrikuntzen artean, espaloi berriak, sakagailudun semaforoa eta zebrabidea daude.

Arabako Foru Aldundiak urbanizazio eta trafikoa baretzeko lanak amaitu ditu A-132 errepideko zeharbidean, Azazetako tartean, bide segurtasuna hobetzeko 258.109 euroko inbertsioa egin ostean. Proiektuak espaloi berriak eta semaforoa duen zebrabide bat barnebiltzen ditu, eta lurraldearen oreka sustatzeko Aparteko Inbertsioen Foru Planaren barruan dago.

Javier Hurtado Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua eta Irma Basterra Lurralde Orekaren Saileko foru diputatua zeharbidean izan dira aste honetan, obren emaitza bertatik bertara ezagutzeko, Maeztuko alkate eta Mendialdeko Kuadrillako presidente Anartz Gorrotxategirekin, Raul Rituerto Azazetako Administrazio Batzordeko presidentearekin eta batzarkide taldeetako ordezkariekin batera.

Zeharbide horretan trafikoa baretzeko hainbat elementu sartu dira, ibilgailuen igarotze abiadura murrizteko, oinezkoentzako ibilbide seguruak espaloi bidez, semaforoz araututako zebrabide bat eta erdigunerako sarbide hobeak.

Raul Rituerto, Imma Basterra, Anartz Gorrotxategi eta Javier Hurtado. / AFA

 

Aldarrikapen historikoa

Imma Basterrak puntu beltz horren konponbidea ospatu du: "Azazetako bizilagunen aldarrikapen historikoa zen". Bide-segurtasunak eta trafikoa baretzeak egunerokoa erraztuko duela eta herrientzako bizi-kalitatea hobetuko duela azpimarratu du.

Proiektuari esker, Azazetako zeharbidean espaloiak, autobus geltoki gisa erabiltzeko bi gune eta garbitokiaren parean herriko sarbide erosoagoak egongo dira. Jarduketa horien helburua da oinezkoei ibilbide seguruak eskaintzea eta egunero zeharbide horretan dabiltzan 3.500 gidariei ikusaraztea eremu urbanizatu bat zeharkatzen dutela, eta abiadura orduko 50 kilometroko mugara egokitu behar dutela.

A-132 errepidean

Esku-hartzea 253 metroko luzera duen tarte batean egin da, Azazetako herrigunea osorik zeharkatzen duen A-132 errepidean. 3,25 metroko bi errei dituen 6,5 metroko galtzada bat egin da, abiadura jaisteko metro erdiko erdibitzaile batekin; galtzadaren gainean margotu daerdibitzailea. Horrez gain, metro bateko bazterbideak ere eraiki dira.

Azkenik, erabilgarri dagoen lekuaren arabera, 2 metroko zabalerako espaloi berriak egin dira eta bi gune sortu dira, norabide bakoitzean bat, autobus geraleku gisa erabiltzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide