Mendiko zinema Alex Txikon eta Unai Ormaetxearen eskutik, Ibernaloko baselizan

Erredakzioa 2020ko uzt. 22a, 10:15
Ibernaloko landetxean aurkeztuko dituzte mendiko bi dokumentalak.

Uztailaren 24an eta 25ean, Alex Txikon alpinistak eta Unai Ormaetxea idazleak mendiko dokumentalak aurkeztuko dituzte Ibernaloko landetxean: Pumori, mendiaren alaba eta Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak.

Eskualdeko naturan mendizaletasuna eta bestelako jarduerak sustatzeko asmoz, Ibernaloko landetxeak SUA Edizioak argitaletxearen laguntzarekin garatzen dituen egitasmoen barruan, Alex Txikonek eta Unai Ormaetxeak aurkeztu eta komentatuko dituzten mendiko dokumentalak proiektatuko dira, aire zabalean, eraikin honen aparkalekuan.

Emanaldiak uztailaren 24an eta 25ean 22:30ean izango dira, eta kalitate handiko irudi zein soinu ekipamenduarekin egokituko dute espazioa. Horrez gain, aulkiak dituen gune bat eta lurrean esertzeko beste bat prestatu dute, gerturatuko direnentzat.

Ostiralean, hilak 24, Pumori, mendiaren alaba proiektatuko da, mendi hartan jazotako bost gazte gipuzkoar eta nafarren heriotzaren inguruan eta Suku Maya neskato nepaldarraren bizitzaren arteko erlazioaz aritzen den dokumentala.

Larunbatean, hilak 25, Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak filma egongo da ikusgai. Unai Ormaetxeak idatzitako izen bereko liburuan oinarrituta dago, eta Himalayako zortzimilako igoeretan Alex Txikonek izandako hausnarketei buruz hitz egiten du. Bi ekoizpenak euskarazko jatorrizko lanak dira.

Covid-19 gaitzak sortutako egoera dela eta, agintariek ezarritako segurtasun neurriak mantenduko dira. Era berean, zinema-emanaldia instalazioen aparkalekuan egingo denez, ibilgailuz sartzeko modua aparkalekuaren inguruan erregulatuko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide