Dokumentala

Markinez, harria eta herria

Jon Vicente Egurtzegi 2020ko uzt. 2a, 20:00

Markinez, harria eta herria dokumental laburra dagoeneko ikusgai dago ALEAn. Jon Vicente Egurtzegik Markizen igaro du deskonfinamenduaren zati bat, eta bere herriaren bazterrak eta historia airetik arakatu nahi izan ditu.

Hiriburuko etxezuloan aurreikusitakoa baino denbora gehiago igaro ostean, motxila eta drona hartu zituen Jon Vicente Egurtzegik, eta Markizera abiatu zen, Arabako Mendialdean. Hainbestetan bere inguruan izandako altxorrari erreparatzea eta dokumental bat egitea otu zitzaion, 16 minututan Markizeko bazterrak eta historia arakatzeko eta munduari ezagutarazteko.

Dokumental laburra prestatzeko arreta berezia jarri du harriengan, zonalde horretako elementu bereizgarria baita. Herrian bertan eta bere inguruan garrantzi handikoa izan da beti. Paisaiari nortasun propioa emateaz gain, aintzinako biztanleentzako babesleku izan ziren harkaitzetan egindako kobazuloak. Erdi Aroko gaztelu bat ere eraiki zuten haitz baten inguruan, eta arroka bat izan zen herriko elizaren teilatua hondoratu zuena.

Egurtzegiren artisau lanak -bereak baitira ideia, gidoia, grabaketa eta edizioa- bidelagun ugari izan ditu. Izan ere, grabaketa fasea herriko bizilagunen elkarlanari esker izan da posible, tartean Markizeko zaldiak eta zaldunak. Posprodukzioan kolaboratzaile gehiago ere izan ditu: Patxo Manzanedok eta Lorea Morlesinek, adibidez, ahotsa jarri diote dokumentalari; eta Maialen Begiristainek behin betiko gidoiarekin lagundu dio.

Horrela deskribatu du Jon Vicente Egurtzegi zuzendariak bere herriari eskainitako maitasun keinua:

60 egun etxean igaro ostean, bizitza berrabiatzeko unea zela pentsatu genuen askok: lantokitik ihes egin, mendira igo, eta jendartetik ihes egin nahi genuen. Gertukoa baloratu, detaile hutsaletan arreta jarri. Batzuetan inguratzen gaituen altxorra ez baitugu ikusten. Sustraietara itzultzea, gaztaroan bizikletaz mila bider zeharkatutako bidezidorretan, Arestik gorazarre egindako aitaren etxea. Gauzak horrela, denborapasa hasi ginen herria eta bere inguruak grabatzen deskonfinamendu garaian, eta hauxe da emaitza.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago