Lasterbidean elkartasun lasterketa 2021eko udaberrira atzeratu da

Erredakzioa 2020ko api. 8a, 12:32
Araian ospatu zen 2016ko lasterketa, Arabako Lautadan. / LASTERBIDEAN

Lasterbidean lasterketako antolakuntzak 2020ko edizioa bertan behera uztea erabaki du, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz.

Maiatzaren 30ean Kanpezun ospatu behar zen Lasterbidean "nazio elkartasun lasterketaren" zortzigarren edizioa, baina egoeraren jarraipena egin ostean, 2021eko udaberrira atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

"Gogora ekarri nahi ditugu urte eta hamarkadetan zehar benetako konfinamendu gogorrean etxetik urrun dauden euskal errepresaliatu eta beraien senide guztiak", adierazi dute.

Lasterketa Kanpezun

Antolatzaileen hitzetan, "korrikaren kirol eremutik jaiotako elkartasun herri ekimena da" Lasterbidean. Euskal presoen eta euren senideen eskubideen aldeko lasterketa herrialdez herrialde lekualdatuz joan da 2013. urtean jaio zenetik.

Lehen edizio hura Oiartzunen izan zen, eta ondoren, Euskal Herriko herri ezberdinetan ospatu da: Larrabetzun 2014an, Berriozarren 2015ean, Oñatin 2017an, Ondarroan 2018an edota azken edizioa, 2019an, Arbizun eta Lakuntzan.

Lasterbidean lasterketa Araban ospatzen den bigarren aldia izango da 2021ekoa; izan ere, 2016an Araian egin zuten laugarren edizioa. Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoa larunbatean egiten den lehena izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide