Frankismoa

83 urte Azazetako sarraskitik

1937ko martxoaren 31n gertatu zen Azazetako sarraski frankista. / errepublika.org

Arabako 16 preso politiko hil zituzten 1937ko martxoaren 31ko gauean, Azazetan. Ekintza errepresiboaren biktima kopuruari dagokionez, estatu frankistaren aparatuek Araban egindako sarraskirik handiena da.

Errepublikaren aurkako altxamendu militar faxistaren ondoren, Arabako zatirik handiena kolpisten kontrolpean geratu zen. Gure lurraldean gutxi izan ziren puntuak inbasio faxistatik libratu ziren bazterrak.

Hala ere, beste lekuetan erantzun politiko eta soziala antolatzea lortu zen, eta hasiera batean eskuineko konspirazioa gailentzea ekidin zuten.

Ofizialki 1939ra arte iraungo zuen gerra bat hasi zen orduan. Izu frankistaren estrategiak diktadurako hamarkadetan luzatu zen. Erregimen berriarekiko edozein oposizio zantzu deuseztatzeko asmoz, milaka biktimarekin bete ziren kartzelak eta arekak: exekuzioak, nahitaezko desagerpenak, espetxea, tortura, erbestea...

Arabak ez zuen errepresiotik ihes egin. Hautetsiak, maisuak, sindikalistak, militante politikoak... 1936 eta 1945 urteen bitartean, 300 hildako baino gehiago utzi zituen frankismoak Araban; gaur egun, horietako askok desagertuta jarraitzen dute.

Teodoro Gonzalez de Zarate alkatea, 1931ko maiatzaren 1eko manifestazioan.

 

Mola jeneralaren bisita

1937. urteko martxoaren 27an Mola jeneralak Gasteizera egindako bisitan, lurralde espetxean atxilotuta zeuden hamasei lagunak fusilatzeko agindua eman zuen.

Martxoaren 31n, armada frankistak iparraldeko frontearen aurkako erasoa hasi eta Durango bonbardatu zuen, ehunka biktima eraginez. Gau hartan, erretagoardian, erreketeek, falangistek eta guardia zibilek osatutako heriotzaren eskuadroi bat Gasteizko La Paz kaleko espetxean azaldu zen.

Hamasei preso atera zituzten ziegetatik; aske uzteko keinua egin, eta irudikeria hori baliatuta, espetxearen kanpoaldean itxaron eta berriz ere atxilotu egin zituzten.

Prest zeuzkaten bi ibilgailutan igoarazi zituzten atxilotuak, eta Lizarrarako A-132 errepidea hartu zuen segizioak. Abiapuntutik 16 kilometrora egin zuten geldialdia, Azazeta mendatean.

Legez kontra atxilotutakoak ibilgailuetatik jaitsiarazi eta mendian gora eraman zituzten. Bide bazterretik 70-80 metrora fusilatu eta aldez aurretik zulatutako hobi batean erdi lurperatuta utzi zituzten Azazetako 16en gorpuak.

 

Azazetako hamaseiak

Horietako batzuk militante errepublikano, sozialista, abertzale edo anarkistak ziren. Beste batzuk, ordea, estatu frankistaren izuak suntsitu nahi zituen ideologia horiekin bat egiteagatik espetxeratu zituzten langileak ziren. Hauek dira Azazetako hamaseiak:

  • Teodoro Gonzalez de Zarate, Gasteizko alkate errepublikanoa, Izquierda Republicana alderdian afiliatua.
  • Francisco Diaz de Arcaya, Gasteizko Udal errepublikanoko zinegotzi sozialista.
  • Jose Luis Abaitua Perez, ABBko burukidea, EAJ-PNV.
  • Victor Alejandre, Gaubeakoa, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea.
  • Eduardo Covo Gonzalez, Telegrafos enpresako Gasteizko langilea.
  • Jaime Conca Amoros, Gasteizko jornalaria.
  • Jose Domingo Elorza San Vicente, Gasteizko margolaria, PSOEko afiliatua.
  • Constantino Gonzalez Santamaria, Gasteizko bizargina.
  • Francisco Garrido Saez de Ugarte, Apinaizko doitzailea, CNTko afiliatua.
  • Prisco Hermua Arrizola, Gasteizko jornalaria, CNTko afiliatua.
  • Antonio Garcia Bengoetxea, Gasteizko mekanikaria.
  • Jesus Estrada Abalos, Gasteizko mekanikaria, PCEn afiliatua.
  • Daniel Garcia de Albeniz Azazeta, Maeztuko nekazaria, CNTn afiliatua.
  • Manuel Jose Collel Aguila gasteiztarra, Union Republicana elkarteko kidea.
  • Manuel Hernandez Ibañez de Garaio, Gasteizko trenbideko langilea.
  • Casimiro Cerrajeria Zarranz, Gasteizko piroteknikaria, UGTko afiliatua.
Teodoro Gonzalez de Zarate Gasteizko alkate errepublikanoa. / EUSKO IKASKUNTZA

 

40 urtez galdutako hilotzak

Hurrengo egunean, Bake kalean dagoen kartzelan, presoak aske utzi zituztela jakinarazi zieten senideei, azalpen gehiagorik eman gabe.

Zalantzak argitu egin ziren faxistek Azazetara eraman zuten apaizarekin harremanetan jarri zirenean; exekutatuak izan aurretik presoei laguntzeko eraman zuten apaiza. Binaka lotuta, kamionetatik basora eraman zituzten, hainbat hobi komunetan hil eta lurperatu egin zituzten.

Tokiko prentsak sarraskia isilarazteko ahalegina egin bazuen ere, laster zabaldu zen sarraskiaren berri herritarren artean, eta bazterrak astindu zituen.

Harrezkero, indar frankistek errepresio moduak zuritzeko saiakera egin zuten, eta epaiketarik gabeko hilketen ordez, justizia militarrak gerra kontseilu bidez zigortutakoak fusilamendu bidez hil zituzten.

1939an Pedro Anitua apaizak, Teodoro Gonzalez de Zarate alkate errepublikanoaren, Jose Luis Abaitua ABBko burukidearen, Jose Collell Aguila Union Republicanako kidearen eta Manuel Hernandez langilearen gorpuzkinak ezkutuan hobitik atera eta Zaramagako Santa Isabel hilerrian lurperatu zituen.

Azazetako sarraskiaren beste hamabi biktimak 41 urte gehiago eman zituzten mendian, galduta, 1978ko udan lurpetik atera eta Otazuko Salbatzailearen hilerrira eraman zituzten arte.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide