Berrogeialdia askoren sormena bultzatzen ari da, eta etxean egiteko ideia eta ekintza ugariz betetzen ari da sarea. Honen adibide, besteak beste, Mendialdean abiatu duten lehiaketa Facebooken.
Gaurtik hasita eta egunero, arratsaldeko 19:30ak aldera, eskualde horretako toki baten argazki bat argitaratuko dute sare sozial horretan, eta parte-hartzaileek lekuaren izena asmatu beharko dute. Asmatzen duen lehen pertsonak Arabako Mendialdeko produktu bat irabaziko du; egunero produktu ezberdin bat jarriko dute, eta irabazleak Kuadrillan jaso ahal izango du saria, alarma egoera amaitzen denean. Pertsona bakoitzak sari bakarra jasotzeko aukera izango du astean zehar.
Lehiaketa honen helburua Arabako Mendialdeko txoko zaharrak aurkitzea da, egoera hau amaitu ondoren bisitatu eta nola aldatu diren ikusi eta konparatzeko. Eskualdea etxetik ezagutzeko beste aukera ematen du jolasak.