Gure bazterrak

Santuen lantegia, Mendialdean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 16a, 12:00

Mauricio Valdivielso eskultore neoklasiko ospetsuaren lantegia Pagoetan egon zen, XVII. eta XVIII. mendeen artean. Arabako elizako figura erlijioso ugari 'Pagoetako santu-egilearen' obra dira.

Arabako artearen historiaren zati inportante bat Pagoeta herri txiki eta ezkutuan dago, Valdivielso eskultoreen familia ospetsuaren habia izan baitzen Urizaharretik kilometro eskasera dagoen etxe multzoa. Herriko kale nagusi batean dago Pagoetako santu-egileen etxea eta tailerra izan zen eraikina, eta hain zuzen karrikak valdivielsotarren izena darama.

Arabako hainbat elizatan dauden santuen eskulturen egileak dira valdivielsotarrak. Gasteizko eskultura lantegiaren ardura izan zuten ere, XVII. mendearen hasieran, eta haiekin berreskuratu zuen eskolak galdutako ospea. 

Herrialdeko eskultura-jarduera monopolizatu zuen familiak XVIII. mendearen 60. hamarkadan, eta hain zuzen Pagoetako tailerretik atera ziren Apilaiz, Urturi, San Martin Galbarin, Bernedo, Durruma Kanpezu, Urizaharra, Kanpezu, Aretxabaleta, Argandoña eta Zurbituko elizetan dauden erliebeak eta eskulturak. 

Garai bateko erreferentea izan zen Pagoetako eskultoreen lantegiaren arrastorik ez da gorde

Pagoetako santu-egileen artean ezagunena da Mauricio Damian Valdivielso (1760-1822). Euskal Herriko eskultore erlijioso neoklasikoen artean emankorrenetakoa.  Ezagutzen den bere lehen obra (1781) Argoteko elizako erretaularako lau aingeru eta irudi ezberdinen tailua da. Hurrengo urtean, San Pedroren irudia egin zuen Gobeoko elizarako, eta Arrosarioko Ama Birjina Uribarri Ganboakoarentzat. 1787an Ecce Homo bat eta Urizaharreko prozesio-pasabidea zizelkatu zituen; 1788an, San Mateo bat eta San Marko bat Durrumako parrokiarentzat. Valdivielsoren obrako pieza aipagarriena Araiako elizako kristoa da, 1790ekoa.

Garai bateko erreferentea izan zen Pagoetako eskultoreen lantegiaren arrastorik ez da gorde; XX. mendearte etxeko pareta batean gorde ziren bozetoak eta marrazkiak ere desagertu baitira. 

Egun, santu-egile ospetsuen tailerra jaso zuen herriaren etxeak San Joan Bataiatzailearen elizaren inguruan bilduta daude. Eliza hori XVI. mendean eraiki zuten, baina gerora berritu egin zuten. Herriko hego-ekialdean, muino txiki batean, San Roke ermita ere badago. Egitura xumea du eta barruan santuaren irudi handi bat gordetzen du. 

Herriaren inguruak ezagutu nahi izanez gero, aukera dago, adibidez, Los Payos ingurutik Moraza mendira ibilbide labur bat egiteko. 1054 metrotara dago Morazako gailurra, eta bertatik ikuspegi ederra dago: iparralderantz Trebiñuko Konderria, hegoalderantz Urizaharreko bailara eta urrunean Toloñoko mendilerroa ageri da. Los Payosko ibilbidea ere Karlisten ibilbidea bezala ezagutzen da inguruan, eta hain zuzen Pagoeta garrantzi handiko kokagunea izan baitzen I. Karlistaldian, herriko muino batean gaztelu edo monasterio bat egon zen.

Kuadrilla: Mendialdea.

Udalerria: Urizaharra.

Biztanleak: 69 (2019ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeriak:  Herriko Reta errotak 1891n du jatorria eta 2015ean zaharberritu zuten. Kontzejukoa izatetik pribatura izatera pasa zen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago