Kanpezun ospatuko da aurtengo Lasterbidean elkartasun lasterketa

Erredakzioa 2020ko urt. 12a, 15:42
Araian ospatu zen 2016ko Lasterbidean, Arabako Lautadan. / Argazkia: Lasterbidean

Maiatzaren 30ean Arabako Mendialdera hurbilduko dute Lasterbidean "nazio elkartasun lasterketaren" zortzigarren edizioa.

Antolatzaileek azaldu duten bezala, "korrikaren kirol eremutik jaiotako elkartasun herri ekimena da" Lasterbidean. Euskal presoen eta euren senideen eskubideen aldeko lasterketa herrialdez herrialde lekualdatuz joan da 2013. urtean jaio zenetik.

Lehen edizio hura Oiartzunen izan zen, eta ondoren, Euskal Herriko herri ezberdinetan ospatu da: Larrabetzun 2014an, Berriozarren 2015ean, Oñatin 2017an, Ondarroan 2018an edota azken edizioa, 2019an, Arbizun eta Lakuntzan.

Lasterbidean lasterketa Araban ospatzen den bigarren aldia izango da; izan ere, 2016an Araian egin zuten laugarren edizioa. Aurreko edizioetan ez bezala, aurtengoa larunbatean egiten den lehena izango da.

Izen emateak lasterbidean.eus webgunearen bitartez izango dira, baina momentuz ez dago apuntatzeko aukerarik. Datozen asteetan informazio gehiago zabalduko dutela azaldu dute antolatzaileek, izena emateko aukerarekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide