Zeruko kamera angeluhandi baten bitartez Arabako ortzia ikusteko aukera estreinatu dute Izkiko Behatoki astronomikoan. Modu horretan, hemendik aurrera internet bitartez irudi horiek ikusteko aukera egongo da, bai behatokiaren web orrialdean bertan zein Arraia-Maeztuko Udalaren webgunean.
Mota horretako kamerek ortziaren ikuspegi osoa ematen dute. Hortaz, haien abantaila ez da objektu astronomiko zehatzak ikusteko aukera, zeruaren irudi globala eskaintzea baizik. Egoera meteorologikoaren berri izateko, konstelazioen dantza ikusteko edota meteoroen inguruko jarraipena egiteko aproposak dira kamera horiek, hala nola bolidoak eta antzeko fenomenoak aztertzeko. Beste hainbat latitudetan, berriz, aurora borealak eta goiko atmosferan gertatzen diren bestelako argi-fenomenoak ikertzeko sarri erabiltzen diren tresnak dira.
Orain martxan jarritako zerbitzuarekin, bi motatako irudiak eskaintzen dituzte: ateratako azken irudi finkoa eta gauean zehar hartutako irudiekin osatutako animazio bat.
2017ko irailean martxan jarri zuten behatokia, La Otra Mitad astronomia elkarteak kudeatuta, Aldundiaren eta Arraia-Maeztuko Udalaren laguntzarekin. Ordudanik, hainbat mugarri lortu dituzte. Hala, iazko udan urruneko behaketak egiten hasteko moduan izan ziren astronomia-zaleak, Korresen zuntz optikoa zabaldu izanaren abagunea baliatuz. Estreinako irudia Beloaren Nebulosari ateratako irudi bat izan zen, NGC6992 objektua, adituen nomenklaturan. Orain zabaldu duten zerbitzua ere, noski, banda zabal horri esker izan da posible.