Euskararen Eguna

Mendialdean, Euskaraldirako prestatzen

Mirian Biteri 2019ko aza. 29a, 17:20

Pasa den urteko Euskaraldiaren aurkezpena, Kanpezun.

Arraia-Maeztun larunbatera aurreratu dituzte euskararen aldeko ekintzak; Kanpezun abenduaren 3ko arratsaldean egingo dituzte. Datorren urteko Euskaraldirako prestatzen hasiko dira bietan. 

Arabako gainerako kuadrilletan bezala, Mendialdean ere askotariko jarduerak antolatu dituzte datozen egunotarako euskararen normalizazioaren alde. Arraia-Maeztun, adibidez, ospakizunak asteburura aurreratzea erabaki dute Amezti euskara eta kultura elkarteak eta Udalak; larunbatean, azaroak 30, eguerdian emango diote hasiera egitarauari, Euskaraldiaren ekitaldiarekin. 2020. urterako prestatzen hasiko dira, herriko ludotekan. Desioak eta bizipenak jasoko dituzte, besteak beste. 

Birgarako zentroan, bitartean, pintxo lehiaketa deitu dute. Parte hartu nahi dutenek pintxo bereziak prestatu beharko dituzte, eta izen "jatorra" jarrita, 15 ale eraman beharko dituzte zentrora. Mokadutxoen dastatzea egiten den bitartean, Iñaki Viñaspre eta Aroa Arrizubieta bertsolariek girotuko dute zentroa. Horrez gain, 14:00etan, bertso poteoa izango da Birgara zein Maeztuko tabernetatik. 

Abenduaren 3an, arratsaldez

Kanpezun, bestalde, abenduaren 3an bertan ospatuko dute Euskararen Eguna, bertako Udalak eta Mendialde IPI-k elkarlanean. Arratsaldeko lehen orduan, tailerrak eta jolasak izango dituzte ikastetxeko neska-mutikoek, eta handik irtetean, askaria plazako arkupetan. Jarraian, 17:30ean, Euskaraldiaren gaineko ekitaldia egingo dute: Arraia-Maeztun larunbaterako aurreikusita dutenaren antzekoa izango da: desioen sarea batera, mezua irakurriko dute, eta talde argazkia ere aterako dute. Dantza festarekin amaituko dute eguna, ludotekan; Sustrai doinuak arduratuko da etxeko etxeko txikienak dantzan jartzeaz. 

Arraia-Maeztun eta Kanpezun ez ezik, Mendialdeko bestelako herrietan ere euskararen aldeko jarduerak prestatzen ari direla azaldu du kuadrillako Euskara teknikari Belen Garulok: "Dena dela, oraindik zehazteke daude horietako asko, eta ezin aurreratu. Ekitaldi xumeagoak izango dira horiek", azaldu du.

Datorren urteko Euskaraldiarako prestatzen lan horietan, ziur pasa den urteak utzitako datuak ere aztertzen dituztela.  Horren arabera, Kanpezun 239 lagunek parte hartu zuten (168 ahobizi eta 71 belarriprest); Arraia-Maeztun, 100 (70 eta 30); eta Urizaharrean, 41 (30 eta 11). Bernedo, Lagran eta Haranako daturik ez da ageri.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago