Aguaquen arroila-jaitsiera mugatzeko eskatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko aza. 4a, 14:00
Aguaque ur-jauzia Antoñanatik bi kilometrora dago. URA

Sinadura bilketa antolatu dute Antoñanako herritarrek Sabando ibaiaren inguruan dagoen "masifikazioa" gelditzeko; kirola egiteko baimenak bertan behera uzteko eskatu dute. Kanpezuko alkatea asteartean bilduko da Batzar Administratiboarekin.

"Arroila-jaitsiera oso ohikoa bihurtu da Sabando ibaian, eta kalte handia eragiten ari da bertan. Abentura-kiroletako enpresa batzuei baimena ematen zaie ehunka pertsona ibaitik jaisteko, eta horrek eragin larria du ibaiaren egituran, landaredian eta faunan. Eskaera honen bidez, hain masifikatuta dauden baimen horiek bertan behera uztea lortu nahi dugu". Change.org online plataforman jarri du Antoñanako bizilagunen talde batek eskaera, eta ingurune hori eta ur-jauzia babesteko berrehun sinadura lortzeko helburua jarri dute. Dagoeneko 150 baino gehiago lortu dituzte. 

Sabando erreka Ega ibaiaren adarra da, Natura 2000 sarearen barruan dago, eta natura-interes handiko tartea da. Errekaren ibilguan dago Aguaque ur-jauzia, Antoñanako lurretan, herritik kilometro gutxira. Bertan, abentura-enpresa ugari aritzen dira, arroila-jaitsieran lehen urratsa egin nahi dutenentzat saioak antolatzen.

Aguaquen kirol jarduera hori mugatzeko sinadura bilketa bultzatu duten herritarrek sare sozialetan azaldu dutenez, dagoen ezinegona aspaldi helarazi zioten Arabako Foru Aldundiari. Bitartean, haien esanetan, "eragin larria" izaten ari da kirol praktika Sabando ibaiaren ingurunean, eta baimenik gabe ere praktikatzen ari dira.

Kanpezuko alkatea Iber Basterrak ALEAri azaldu dionez, asteartean bertan bilduko da Antoñanako Batzar Administratiboarekin arazoa bideratzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide