Nekazaritza bideragarri egin dute Urbisun, energia fotovoltaikoari esker

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ira. 15a, 06:00

Aste honetan aurkeztu dute Santa Luciako parke fotovoltaikoa./ EEE

Ureztatzaileen elkarteko autokontsumo-instalazioari esker, uraren kostua %75 murriztu dute.

Lurra ureztatzeak zekarren kostu handiaren eraginez, Urbisun nekazaritzara bideratutako espazioak murrizten ari ziren, errentagarritasun falta medio. Ura ponpatzearen kostua 30 zentimokoa zen metro kubiko bakoitzeko, eta bideraezina zitzaien herriko nekazariei ureztatu beharreko produktuak lantzea. Egoeraren larritasuna kontuan, eta administrazioen babesari esker, Urbisuko Ureztatzaileen Elkarteak uraren ponpaketa egiteko eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioa martxan jartzea erabaki zuen. Hartara, egun, %75 murriztu dute lurra ureztatzeak dakarren kostua. 

Gainera, nekazariek aukera izan dute bere jatorrizko lurrak lantzen jarraitzeko, eta galzorian zeuden zenbait produkturen landaketa berreskuratu dute, hala nola erremolatxa, patata, kimuak, piperra edo boilurra. Pedro Txasko Urbisuko Ureztatzaile elkarteko presidenteak azaldu duenez, instalazioaren bitartez desagertzeko zorian zegoen nekazaritza estentsiboari eutsi ahal izan diote: "Lurrak ureztatzeak ekartzen zuen prezioaren ondorioz, gero eta gutxiago ziren okupatutako lurrak; orain horietako asko berreskuratu eta landatu ditugu".

Santa Luciako eguzki-instalazioak 512 panel ditu, eta 166,84 kWeko potentzia. 250 hektarea inguruko nekazaritza lurrak ureztatzeaz gainera, instalazioak herriko etxeen kontsumorako ere ponpatzen du ura. 

Arabako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak finantzatu dute egitasmoa, eta 233.000 euro inbertitu dituzte energia elektrikoa ekoizteko, energia berriztagarrietan egiten diren inbertsioak finantzatzeko programaren bitartez. Hain zuen, aste honetan egin dute bisita eguzki-energia fotovoltaikoko instalaziora Aldundiko eta EEEko arduradunek. Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak bertan azpimarratu duenez, "autokontsumoa funtsezko tresna bat da energia-eredu jasangarriago bat lortzeko bidean, eta klima-aldaketari aurre egiteko moduetako bat ere bada". Era berean nabarmendu du proiektuak aukera eman duela Arabako lur ureztatu garestiena "merkeenetako eta efizienteenetako bat bihurtzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago