Despopulazioa ardatz AtauriArt jaialdian

Erredakzioa 2019ko abu. 31a, 06:00
Shakti Olaizolak 'Baldin Bada' aurkeztuko du Atauri Art jaialdian. BALDIN BADA

Irailean hasiko da zortzigarren edizioa, Arratiandi Kultur Elkarteak eta Bapatean taldeak antolatuta.

Artearen bidez despopulazioari aurre egiteko erronkari eutsi nahi diote AtauriArt jaialdiaren antolatzaileek zortzigarren edizioan: "Zirkuaren eta kale-antzerkiaren jaialdia antolatzearen erronkari aurre egin nahi diogu; batetik, eskualdean dugun kultur eskaintza osatzeko, eta, bestetik, kultura herriguneetara hedatzeko", adierazi du Bapatean taldeko Isra Cuadradok. AtauriArt jaialdi bat baino askoz gehiago dela nabarmendu du bere aldetik Arratiandi Kultur Elkarteko Ruth Ibisatek: "Gure landa-herria aldarrikatzeko modu bat da; txikia baina bizia eta etorkizun handikoa. Horregatik, aurten nabarmendu nahi izan dugu artearentzako guneak sortuz ere despopulazioaren aurka egin daitekeela".

Asteburu nagusia irailaren 6an, 7an eta 8an izango da, Ataurin; eta bi ikuskizun gehiago izango dira irailaren 14an eta 15ean, Azazetan eta Korresen hurrenez hurren. Halaber, urrian eta azaroan izango dira emanaldiak. Guztira, AtauriArt 2019ko egitarauak hamar ikuskizun bildu ditu; tartean, El Sauce antzerki inklusiboa egiten duen Azikarte Elkartearen lana ikusgai izango da, Keniatik Might Jambo konpainiaren antzezlana, Shakti Olaizolaren Baldin Bada edo ipuin-kontaketak eta tailerrak. Urrian, berriz, Soñando un lugar filma proiektatuko dute eta Orgullo rural izeneko ikuskizun musikatua aurkeztuko dute.

"Hilabeteak daramatzagu dena prestatzen. Iraileko asteburua itzela da, baina argi daukagu merezi duela jende askok Atauri mapan jartzen baitu jaialdiari esker”, azpimarratu du Xabier Oribe Arratiandiko kide eta Atauriko herritarrak.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide