Fibrosi kistikoaz kontzientziatzeko Arnasa Eguna antolatu dute

Erredakzioa 2019ko uzt. 18a, 09:20

Everesting Challenge erronka egiten saiatuko da Javier Prieto. ARNASA

Jarduera ugari antolatu ditu Arabako Fibrosi Kistikoaren Elkarteak, uztailaren 20an, Urizaharrean.

Arnasa Arabako Fibrosi Kistikoaren Elkarteak Arnasa Eguna antolatu du, larunbat honetan, "ozen eta sendo oihukatzeko fibrosi kistikoak ezin izango duela gurekin". Gainera, gaixotasuna eta Arnasa elkartearen lana ezagutarazi nahi dute. Urizaharrean, udaletxearen eta Bombalatxi gizarte etxearen artean, antolatu dituzte jarduera guztiak. "Jarduera anitzeko eguna izango da, jarduera bakoitza bere garapenaren eta fibrosi kistikoak eragindakoen errealitatearekin bat egiteko ahaleginaz aukeratua izan da", azaldu dute.

Arnasa Araba elkartea 1991. urtean fibrosi kistikoa duten senitartekoen eta gurasoen talde batek sortu zuen. Beraien lehen borroka kaltetuen eta haien familien eskubideak bermatzea izan zen, beraien bizi kalitatea hobetzeko. Gogoratu dutenez, haien helburua da gaitza ikusgai egitea eta gaixoen eta haien familien bizitza eta errealitateak azaldu. "Horretarako, fibrosi kistikoaren inguruko egiazko informazioa eskainiko da".

Egitaraua

Jarduera nagusietako bat Everesting Challenge izango da. Horretan, Herrerako mendatea hamar aldiz igotzeko erronkari eutsiko dio Javier Prieto Pedales Solidarios Youtubeko kanalaren buruak; goizeko 7:00etan hasiko da proba eta 22:00ak aldera bukatuko da. Jarduera honetan kirola eta sentsibilizazioa batu nahi dituzte, "kontzientzia handitzeko, erronka fisiko itzel hau burutzeko gogortasuna fibrosi kistikoko gaixoek egunoro jasan behar dituzten gogortasunekin alderatzen da". Javier Prieto iaz erronka betetzen saiatu zen baina azkenean ezin izan zuen burutu. 5.750 metro osatu zituen hala eta guztiz ere. 

Bitartean,11:00etan, Urizaharreko plazan, pintxopote solidarioa egingo dute, udako merkatuarekin bat eginez, eta 12:00etan, Bombalatxi gizarte etxean, magia ikuskizuna antolatu da, Ilusionisma mago gasteiztarraren eskutik. 12:30etatik 14:30era gizarte etxean gaztelu puzgarria zabalduko dute. Arratsaldean, mus txapelketarekin eta kontzertuarekin itxiko dute eguna. Txucky Killers Arabako musika taldeak rock bertsioak eskainiko ditu.

Egun osoan informazio-mahai bat egongo da eta gaixotasunari buruzko triptiko eta informazio CDak banatuko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago