Gure bazterrak

Kontrasta, Ameskoara zubia

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko uzt. 7a, 06:00
Kontrasta herriko iturria. ETXABURU

Erdi Aroko Arabako herri garrantzitsuenen artean dago Kontrasta.

1256. urtean hiribildu izendatu zuen Alfonso X. erregeak Kontrasta, Nafarroako muga indartzeko asmoarekin. Gasteizko Forua eman zion, gainera, eta horri esker Kontrastako biztanleek ez zuten zergarik ordaindu behar. Harana bailara eta Nafarroako Ameskoa eskualdeen arteko zubia da Kontrasta.

Historiako garai desberdinetan, Nafarroako eta Gaztelako erresumen menpe egon zen herria, eta bandokideen liskarretan Lazkaoko jauntxoek dorretxea eraiki zuten bertan. Gipuzkoako oinaztarren talde boteretsuaren parte ziren lazkaotarrak, eta jauntxo horien gehiegikerien eta abusuen kontra borrokatzeko sortu zen hain zuzen Arabako Kofradia.

Azkenik, 1479. urtean, Arabako Kofradiako partaideek Kontrastako lazkaotarren dorretxea erasotu, Lazkaoko jauntxoa akatu eta dorretxeari sua eman zioten. XVIII. mendean, berriz, dorretxearen gainean jauregi bat eraiki nahi izan zuten lazkaotarren oinordekoek, baina azkenean eraikina abandonatu, eta suntsitu zen.

Harresituta dago herria, eta ondare arkitektoniko ederra gorde du. Hala, iparraldean, dorretxe bat dago eta hegoaldean, berriz, gaztelu baten gainean eraikitako Deikundeko Andre Mariaren eliza-gotorlekua. Gainera, harresiaren parte handi bat gorde da, nahiz eta herriko etxeak horretara atxiki dituzten. Herrira sartzeko bi arku eder daude.

Kontrastatik gertu, Elizmendiko baseliza dago. XVI. mendean zazpi baseliza izan zituen herriak, baina gaur egun nekropoli erromatar baten hilerriekin partzialki eraikitako tenplu bitxi honek bakarrik dirau. Elizmendi tenplu erromanikoa izan zen baina egungo eraikuntza batez ere Erdi Aro ostekoa da. Baselizaren ondoan, hegoaldean, Erdi Aroko hilobi kristauen gorpuzkiak daude.

Ingurune menditsua  da eta baso ederraz inguratuta dago, eta ibilbide ugari egin daitezke bertatik: Bide Sakanen Ibilbidea edo Harana Bailarako Ibilbidea, besteak beste.

Kuadrilla: Mendialdea.

Udalerria: Harana.

Biztanleak: 59 (2018ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Agurain eta Kontrasta artean Lamikela izeneko harkaitz azpiko aterpe bat dago; lamien babesa omen da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide