25 urte bete berri ditu Pipaongo Museo Etnografikoak. Herrian sustraitua eta herritarren sustraiak erakusteko asmoarekin sortutako gunea da. Zuhaitz ikusgarria kimatu da Usatxi kultura elkarteak museoaren lehen hazia jarri zuenetik; hala, hiru milatik gora lagun igaro dira ordutik "herri pobre" baten eguneroko bizitzaren bitxiak ezagutzera.
Maite Alonso Pipaongo Administrazio Batzarreko kidea eta Marisol Bedia Usatxi kultura elkartekoa ziur daude 25 urte gehiago zabalik izango dela museoa.
Balio handiko piezak
371 pieza bildu dituzte herriko plazan dagoen eraikinean, gehienak balore etnografiko handikoak eta bisitariek asko estimatzen dituztenak. Izan ere, pieza bat baino gehiago erosi nahi izan diete bertatik igaro direnek. "Suediako bikote bat etorri zen behin, eta hemen dagoen cunachoa –hurritzaren adarrekin eta azalarekin egindako kapazua– erosi nahi izan zuten".
Pipaongo herritar xumeen bizimodu zaila ezagutu daiteke museoan. Behekaldeko pisuan nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin edo ikatza egiteko laborearekin loturiko hainbat elementu bitxi daude: ezkilak, ongintza-kutxa, artzak, igitaiak, txilarrez eginiko erratzak, bizarginaren bankua, erromatar balantza…
Bigarren solairuan, berriz, garaiko sukaldea, egongela eta logelak irudikatu dituzte, eta baita herriko eskola ere. Hirugarrenean, Pipaongo tradizioak jasota daude: jantziak eta jokoak. Horien artean, adarrekin eginiko bola-joko bat dago, Gasteizko Zulaika familiak utzitakoa, edo kartutxoekin eginiko beste bola-joko bat.
Halaber, sekretu handi bat gorde du Pipaongo museoaren barrualdeak: historiaurrean bezala eginak daude eraikinaren paretak "hurritzaren makilak, buztina eta lastoa" erabilita. Alonsok azaldu duenez, Guardiako La Hoyako herrixkan edo Dulantziko Henaioko kastroan bezala eraikita daude Pipaongo etxebizitzen barrualdeak: "Jatorrizko trenkadak gorde dira museoan, eta herriko hainbat etxetan ere".
Errezeloak hasieran
Pilar Alonso pipaondarra izan zen pieza guztiak biltzeko erronka hasi zuena, eta elizako sakristian gordetzen hasi zen. Ondoren, garai horietan etnografiaren inguruan piztu zen interesagatik, Usatxi kultura elkarteak museoa sortu zuen, Zalduondoko elkartearen ereduari jarraituz, eta Pedro Ramos diputatuak eman zien babesari esker.
"Deialdi bat egin genuen herrian material gehiago biltzeko. Familiek hasiera batean errezeloak zituzten, tresna horiek pobreziaren erakusle zirelako, eta hori erakutsita iseka egingo zietelakoan. Oso jende xumea zen". Haatik, pixkanaka uxatu zituzten beldurrak, eta gaurko egunez oso harro daude museoak egin duen ibilbidearekin.
Herria dinamizatzeko gakoa izan da museo etnografikoa, Bediak azpimarratu duenez."Herri txikia da Pipaon, baina familia handi bat bezalakoa, onerako eta txarrerako. Museoak Pipaonen mugarri bat markatu du, hainbat tokitan museoagatik ezagutzen gaituzte. Egun ez genuke ulertuko Pipaon museorik gabe". Museoa irekita izateaz gainera, hainbat dinamika sortu dira inguruan, eta abuztuaren azken asteburuan, esate baterako, museoa kalera ateratzen dute eta antzinako lan egiteko moduak erakusten dituzte.
"Pipaongo seme-alabak mundu osoan barreiatuta daude eta denak harro daude haien sustraiak ezagutzen dituztelako", esan du Alonsok. Museoari zor diote ezagutza hori.