1.100 txirrindularitik gora parte hartuko dute aurtengo Eusko Bike Challenge bizikleta proban

Erredakzioa 2019ko eka. 6a, 05:59
2014ko Eusko Bike Challengue lasterketako parte-hartzaileak. / Eusko Bike Challengue

Datorren larunbatean, hilaren 8an, egingo da BTTko ultramaratoia, Kanpezun.

Datorren larunbatean ospatuko da Eusko Bike Challenge mendi bizikletako ultramaratoiaren zortzigarren edizioa. Guztira, 1.100 parte-hartzailetik gora izango dira aurten lehian, korrituko diren bi modalitateetan: Gold izenekoa (117 kilometro luze eta 3.670 metroko desnibel metatua duena) eta Silver mailakoa (84 kilometrokoa eta 2.884 metroko desnibelekoa).

Irteera zein helmuga Kanpezun izango dira, eta ibilbidean zehar Mendialdeko zenbait herri zeharkatuko dituzte parte-hartzaileek. 8 eta 10 ordu bitartean beharko dituztela aurreikusten duten antolatzaileek; eta ondorioz, ibilbideko zenbait puntutan zehar elikagaiak eskuratzeko, asistentzia teknikorako edota osasun arretarako guneak izango dira. Distantzia luzeko txirrindulariek 07:00etan emango diote hasiera probari, eta Silver mailakoek 09:30ean.

Pedales txirrindularitza klubaren ekimenez antolatutako lasterketa "gogortasun eta maldagatik" bereizten dela adierazi du Angel Teijido elkarteko lehendakariak. "Gune teknikoak, tarte dibertigarriak... epikoa da Eusko Bike Challenge", azpimarratu nahi izan dute antolakuntzatik. Arrazoi horiengatik omen da  "Euskadi mailan dagoen BTT probarik zailenetakoa, eta parte-hartze handiena daukana".

Eragin ekonomikoa lurraldean

Proban parte hartuko dutenen ia % 90 Araba kanpotik datoz; "hau da, gau bat edo hainbat Mendialdean igaroko dute eta hango dendak eta ostatuak bisitatuko dituzte", azaldu du Cristina Gonzalez Diputatuak.

Horrenbestez, lasterketak Mendialdean izango duen eragin ekonomikoa azpimarragarria dela argi utzi nahi izan dute, eta "parte-hartzaileak familia eta lagunekin etortzen direnez" lurraldean egingo duten gastua 200.000 eurotik gorakoa izango dela aurreikusten da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide