Milaka urteko historia gordetzen dute Birgaragoiengo kaleek eta inguru ederrek. Iraganaren lekukorik zaharrena 1995. urtean aurkitu zuten Atxosteko aztarnategia da. Bertan, K.a. 10.500 eta 1.500 urteen arteko gizakien okupazioaren hondarrak gorde dira. Aro garaikidean, berriz, 871. urteko dokumentu batean azaltzen da herria lehen aldiz, Bergale izenarekin, eta XI. mendean, Birgara de Suso gisa azaltzen da, Donemiliaga Kukulan.
Arabako arkitektura erromanikoaren bi altxor gordetzen ditu herriko San Andres elizak, hain zuzen herritarren auzolanari esker 2000. urtean begien bistan geratu zirenak. Aurkikuntzak uda partean gertatu ziren, Birgaragoiengo bizilagunek eliza bera eta ingurua txukuntzea erabaki zutenean. Atariarekin hasi zuten lana, eta bertan izan zen lehen ustekabea, 1828. urtetik horma baten atzean ezkutaturik zegoen XIII. mendeko portada agertu zenean. Apaindutako lau zutabe neoklasikoek portada erromanikoa eusten dute, eta egun elizaren sarbidea dira.
Elizaren lurzoruko harlauzak konpontzen jarri zirenean bigarren sorpresa izan zuten, bataiotegiaren azpian 172 urtez lurperatuta izandako bataiarri bat topatu baitzuten, buruz behera gordeta. Ohikoa omen zen, garai batean, bataiarri zaharrak kentzen zituztenean elizaren azpian lurperatzea, eta hala egin zuten ere Birgaragoienen. Bataiarria Arabako erromanikoaren adibide gorenetako bat da, XIII. mendekoa. Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak egin zuen lan zorrotzaren ostean, San Andres elizara itzuli zen eta bertan dago ikusgai.
Ondare arkitektonikoarekin batera, Birgaragoien herria inguratzen dituzten basoak dira beste harribitxietako bat. Bertatik igo daiteke Arraialde mendira, PR-A 60 bidetik. Erkametz motzak eta pago berriak nabarmentzen dira; gainera Askarro gunea eta Arraialdeko tontorraren artean hagin handiak aurkitu daitezke. Iraganean gurdien ardatzak eta arkuak egiteko erabili ohi zen hagina, eta bizitza luzeenetako zuhaitza da.
Fitxa:
Kuadrilla: Mendialdea
Udalerria: Arraia-Maeztu
Biztanleak: 43 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: Alfredo Donnay konpositoreak 1921etik 1922ra arte Sixto Arrietak Birgaragoienen zuen altzari dendan lan egin zuen.