Elortza eta Zekuiano arteko tunelaren horma-irudiak amaitu dituzte

Erredakzioa 2019ko mai. 7a, 09:24
Elortza eta Zekuiano arteko tunelean hainbat margo egin dituzte. ARTGIA

Bidearen Aztarnak proiektuaren lehenengo fasea da. Proiektu horren bidez, Arabako Foru Aldundiak Vasco-Navarro ibilbide berdearen garrantzia nabarmendu nahi du.

Elortza eta Zekuiano arteko trenico-aren tunelean Irantzu Lekue artista gasteiztarrak gidatutako margolana amaitu berri dute. Lekuerekin batera ARTgia taldea aritu da, -emakumeez osatutako taldea- baita Mendialdeko herritarrak ere. "Herri askotatik etorri dira parte hartzera: Apinaiz, Maeztu, Elortza, Aletxa, Atauri eta Kanpezutik. Jendeak asko maite du trenico zena eta proiektuaren parte sentitu dira", azaldu du Lekuek.

Bidearen Aztarnak proiektuaren lehenengo fasea da hau, eta egitasmo honen bidez Vasco-Navarro bide berdearen garrantzia nabarmendu nahi izan du Arabako Foru Aldundiak, trenbidea berreskuratu eta ondarea balioa emanez. Guztira, 45  horma-irudi egin dituzte azken lau asteetan, hormigoizko 45 pareta gainean. "Estetika eta txirrindularien esperientzia lantzeko aukera paregabea zegoen". 

Besteak beste, Mendialdeko pertsonaia historikoak, gertaerak eta animaliak ageri dira orain tunelean. Isaac Puente mediku anarkista irudikatu dute, sorginkeriak egin izanaz akusatu zituzten eskualdeko emakumeak eta trenarekin zerikusi estua duten gertaera historikoak.

Lekuek Javier Suso eta Javier Lopez de Luzuriaga adituek eginiko lana nabarmendu du, haiek ibili baitira "lan ta lan, proposamenak luzatu eta luzatu". Horrela, garaiko trenaren tiketak, pasarte historikoak eta trenak eguneroko bizitzan izan zuen eragina ulertu ahal izango dute bertara gerturatzen diren guztiek. "Zonaldea ezagutzeko beste modu bat da. Garaian trenak ekarri zuen iraultza ulertzeko gakoak daude. Suposatu zuen erronka teknologikoa aipatzen da, eta, nola ez, gertatutako istripuek eta ezbeharrek ere lekua dute".

Urtean 220.000 bisitari ibiltzen dira oinez edo bizikletaz ibilbide berde horretan, eta esku hartzearen helburua da asteburuetan, eta batez ere udan, Vasco-Navarro ibilbideaz gozatzera hurbiltzen diren pertsonek esperientzia aberatsagoa izatea. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide