Linea elektrikoak dira arranoen mehatxu nagusia

Erredakzioa 2019ko api. 1a, 13:27

Bonelli arranoaren bizimoduari eta gaur egungo egoerari buruzko dokumental laburra aurkeztu dute, espeziearen inguruko ezagutza sustatu aldera.

Bonelli arranoari buruzko bideo bat aurkeztu du Aldundiak, mehatxupean dagoen espezie horren ezagutza jendartean zabaltzeko. Sei minutu inguruko bideoa da, eta Arabako parketxeetan bisitariei jarriko diete. Arabako Aldundia beste hainbat erakunderekin lanean ari da espeziea babesteko, Europa mailako LIFE Aquila proiektuan.

Atzo aurkeztu dute dokumental laburra, Izkiko parketxean, eta heldu zein haurrei begirako ekimenekin osatu dute eguna. Hala, ingurumenari lotutako tailerrak egin dituzte, eta baita txotxongilo antzezlan bat taularatu ere. Horrez gain, espeziea babesteko hartu diren neurriei buruzko hitzaldia eman dute.

Neurri horietako bat zaintzapean hazi eta naturan askatutako txitei linea elektrikoak eragozten "irakastea" da, hori delako, hain zuzen, espezie honen heriotza gehien eragiten duen arrazoia. Horretarako, habien inguruan karga elektriko baxuko lineak jartzen ari dira, modu horretan txitak trebatu daitezen. Mahastiei eusteko erabiltzen diren alanbreak ordezkatu nahi dituzte ere, horien kontra jotzen baitute sarritan. Alanbreen ordez, zumitzak jarri nahi dituzte, malguagoak direlako eta hobeto bereizten den kolorea dutelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide