Gure bazterrak

Emakume handiari bidea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 19a, 11:00

Trebiñu Batu elkartearen ekimenari esker antolatu zuten iaz Micaela Portilla ibilbidea, Trebiñuko Albaita eta Lañu eta Urizaharreko Faidu herriak lotzen dituena.

Micaela Portillak Trebiñurekin zuen lotura berezia azpimarratu zuen orduan Mikel Arribas ibilbidearen sustatzaileak, eta egindako lanagatik omentzea bururatu zitzaiela azaldu zuen, ibilbide bat bere omenez eginez. Portillaren obran nabarmentzekoa da Gasteizko Elizbarrutiko Monumentuen Katalogo apartaren zortzi liburukietan izan zuen esku-hartzea. Horietako bigarrena, Trebiñu-Albaitako artzapez-barrutiari dagokio.

Horretan, besteak beste, bide zaharrak aipatzen ditu: adibidez, "Iuda ibaia Albaitan zeharkatu eta Lañutik Cerverako mendateetara eta Errioxako lurretara" zihoana. Hori da, hain zuzen, berreskuratu duten bidea. Bost bat ordutan egiteko txango erraza, Albaitako plazan hasi eta amaitzen den ibilbide zirkularra.

Albaitatik Lañura doa bidea. Bertan, zenobiten haitzulo ikusgarriak daude. Guztira, hogeita hamaika koba dira, bi multzo nagusitan banatuta. Herrira gerturatu ahala Gobak errepidearen ezkerraldean daude eta Santorkaria eskuinaldean. Bertara gerturatzen den oro harrituta geldituko da haitzuloen handitasunarekin. Halaber, Lañun, Mesozoikoko Europako meatokirik garrantzitsuena dago, eta dinosauroen aztarnak identifikatu dituzte bertan.

Faidu da hurrengo geltokia, eta herri horretan dago Haitzaren Andra Mariaren eliza ederra. Garai batean haitzean zulatutako elizaren aurrean eraiki zuten aipatutako baseliza, eta Erdi Aroko koba artifizial baten barruan dago. Monumentu nazionala da. Egun, eliza itxita dago, eta bisita gidatuak antolatzen ditu enpresa batek. Baselizaz gain beste koba multzoak daude Faidu inguruan. San Julian eta San Migel haitzuloak haranaren eskuinaldean daude. Faidutik bertatik Arabako ikuspegi ederra dago, eta lasaitasuna arnas daiteke.

Kuadrillak: Mendialdea eta Trebiñu.

Udalerriak: Trebiñu, Urizaharra. 

Luzera: 17 kilometroko ibilbide zirkularra.

Bitxikeria: Irakasle eta historialari ezagunaren aita Saratsun jaioa zen, eta bertan igarotzen zituen Portillak udak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago