Ibilbide artistikoa osatuko dute Vasco-Navarro trenbidean

Erredakzioa 2019ko ots. 15a, 12:25
Vasco-Navarro trenbidearen tunel bakoitzeko proposamen artistiko bana landuko dute. / PHOT.OK

Vasco-Navarro bide berdeko tuneletan esku-hartze artistikoak egingo dituzte, bost urtez.

Irantzu Lekue artistak eta Izaskun Urkijo arkitektoak landutako artea ikusi ahal izango dute Vasco-Navarro bide berdetik igaroko diren bidaiariek. Diputazioak gaur aurkeztu du horretara bideratuta dagoen Bidearen Aztarnak izeneko egitasmoa. Tunel bakoitzeko proposamen artistiko bana landuko dute. "Antzinako trentxoa pasatzen zen herrietako historia eta ohiturak" berreskuratzeko ahaleginaren barruan kokatu du Aldundiak egitasmoa, prentsa-ohar batean.

Ibilbidearen gertu dauden herrietako biztanleei gonbita luzatu diete, bi artistek landutako artelanetan parte har dezaten. Tunelak margotzeaz gain, "bestelako proposamen interaktiboak eta sormenekoak" lantzen ari dira, beti ere, "ingurumenaren, mugikortasun jasangarriaren eta turismo berdearen" alde. Bost urtez luzatuko den egitasmoak hainbat esku-hartze aurreikusten ditu. Adibidez, Zekuianon eraberritu duten tunela margotuko dute, Olaranbeko pasabidearen ondoan eskultura bat jarriko dute eta Trokonizen soinua eta argia baliatuko dituzte. Iragarri dutenez, artelan horiek ingurunean txertatuko dira, "metafora" eta "keinu" gisa funtzionatuz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide