Bujandako herritarrentzako "auzotar zaharrena" da plazako masusta-arbola. Betidanik geratu izan dira herritarrak masustondoaren azpian berriketan, eta, gainera, Bujandako zigiluan eta armarrian ere agertzen da. Arbolari herritarrek dioten maitasunaren froga, orain dela bi urte zuhaitza sendotzeko lanak jarri zituen abian bertako Batzar Administratiboak; zaharra izateagatik oinarritik apurtzeko arriskua baitzegoen.
Masusta-arbolarekin batera, Bujandako Andre Mariaren Jasokundea parrokia-elizan gordetzen den San Fausto Labrador ugalkortasunaren zaindariaren gorpu usteldugabea da altxorrik preziatuena. Santu horrek mirespen handia du, eta maiatzean bertako jendea harengana joaten da erromeriak ospatzera eta erreguteak eta erromesaldiak egitera. Hiru gurutze daude elizarako aldapan, eta, kondairak dioen bezala, santuaren zerraldoa eramaten zuen astoa erori zen lekua erakusten dute.
Alguaire (Lleida, Katalunia) herrikoa omen zen San Fausto, eta Alguaireko bizilagunak urtero hurbiltzen dira Bujandara uztailean, santuaren eguna ospatzera. Izan ere, herriko elizan urteroko bisita hori gogoratzen eta eskertzen duen plaka bat ikus daiteke.
Herriko eraikin gehienak bi kaletan banatuta daude, Iturria kalean eta Kale Nagusian, eta armarri ederrak daude hainbat fatxadatan, hala nola Sagastyren armarria duen etxea, XVII. mendekoa, eta Arrietharen eta Castilloren armarriak dituen etxea.
Goieneko garaian, herrian 150 lagun bizi ziren, baina 1960. urtetik aurrera, herrietatik hirietara izan zen emigrazio handiak Bujanda bezalako nekazal herri txikiak hustu zituen.
Izkiko Parke Naturala ezagutzeko, eta inguruko Muela eta Soila mendietara igotzeko toki ezin hobea da.
Fitxa:
Kuadrilla: Mendialdea.
Udalerria: Kanpezu.
Biztanleak: 19 (2018ko Eustaten datuen arabera).
Bitxikeria: 1492. urtera arte juduen komunitate garrantzitsua bizi zen Bujandan.