alea.eus

Hitza nahi dute atauriarrek

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2018-12-24 07:00   Gizartea  Mendialdea  Arraia-Maeztu

Aldundiak Atauriko meatzea birgaitzeko aurkeztu duen proiektuari buruz informazioa ez dutelako jaso kexu dira herriko bizilagunak; prozesuan parte aktiboa izateko plataforma bat sortu dute.

Hitza nahi dute atauriarrek
Atauriko meatzearen eraikinak egoera kezkagarrian daude. ATAURIKO PLATAFORMA | Ikusi handiago | Argazki originala

Atauriko meategiaren ingurua birgaitzearen aldeko plataformaren sorrerarekin batera eta Batzar Administratiboaren bi urteko lanaren ondoren etorri da sorpresa: Arabako Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Arraia-Maeztuko Udala proiektu bat lantzen ari dira asfalto-meategi zaharra ingurumenaren eta turismoaren ikuspuntutik biziberritzeko. Urrian eman zuen Aldundiak egitasmoaren berri, 2019ko aurrekontu-proiektuaren barruan.

Begi onez ikusi dute herritarrek administrazioek zonaldean esku-hartzeko aurkeztu duten asmoa, baina kexu dira planaren inguruko informazioa ukatu zaielako: "Arraroa izan da; Atauri da bertako lur askoren jabe, eta sikiera horregatik informazioa eman beharko ziguten" azaldu diote ALEAri.

Hortaz, "Atauriko meategiak, atzo, gaur eta bihar" plataforma sortu dute herritarrek, eta proiektuari buruzko iritzia eman nahi dutela azpimarratu dute. Prozesuan parte aktibo izan nahi dute: "Herriak haien garapena diseinatzerakoan eragile aktiboak izan behar dira, eta garapen hori parte-hartzean oinarritu behar dela uste dugu". 

Ibilbide luzea egin du batzarrak

2015. urtean hasi zen Atauriko Batzar Administratiboa aztertzen Compañía de Asfaltos de Maestu enpresak utzitako meategiaren ingurua berreskuratzeko zer aukera egon zitekeen. Izan ere, herrian beti izan dute zonalde horren  egoeraren inguruko kezka. "Garrantzia eman diogu beti meatzearen zonaldeari, hemengo jende askok lan egin duelako bertan, eta herriak oso harreman estua izan duelako beti asfalto-fabrikarekin". Hala, ezinegona handia zen herrian ikusirik meategia gero eta hondatuago zegoela. "Egoera nahiko kezkagarria da, eraikinak erortzen ari dira, meategien zuloak bere garaian zabortegia bilakatu ziren, denetarik bota zuten bertan…".

Egoera konpontzeko asmoarekin eta eremuaren balioa nabarmentzeko, Batzar Administratiboak Paisaiaren Ekintza Plan baten aurreproiektua egin zuen, gertuko administrazioen ateak jotzeko tresna bat izatearren. Plana aurkeztu zuten Arraia-Maeztuko Udalean eta Mendialdeko Kuadrillan. "Gure helburua zen haien bitartez proiektua osatzeko diru-laguntza lortzea, baina erantzuna izan zen ezinezkoa zela, oso zaila zela zerbait egitea".

Tokiko administrazioen erantzun eskasa ikusita, orain dela hilabete batzuk gai honen inguruan interesatuta zeuden Atauriko herritarrak bildu ziren, eta Batzar Administratiboarekin batera talde egonkor bat sortzea erabaki zuten. Azken asteetan sare sozialen bitartez plataformaren berri eman dute, eta horren ondorioz lortu dute Mendialdeko jende gehiagoren interesa piztea, eta plataforman parte hartzeko prest dauden lagun gehiago bildu dira ekimenera.

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 176. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa