Hogeita lau lagun baino ez ditu Ataurik, Mendialdean, baina bizi-bizirik dago. Hala erakusten dute, besteak beste, udazkenero prestatzen duten Atauri Art jaialdiko kartelarekin. Inguruko herrietako lagunek babestuta, 2012. urtetik kultur eskaintza indartzeko lanean ari dira zirku eta kale antzerkiaren bitartez. "Arabako herriak husten ari diren garai hauetan, halako jarduerek bultzada ematen diote herriei, mapan jartzen dituzte", azaldu du jaialdiko sustatzaile taldeko Xabier Oribek.
Joan den urtean jauzia egin eta eskaintza zabalagoa izan zen, asteburu nagusi bat eta hurrengo hilabeetan ere zenbait ekitaldi antolatuta. Eta, izan zuten arrakasta ikusirik, eredu horrekin jarraitzea erabaki dute; hilaren 7, 8 eta 9an izango dira ikuskizun nagusiak, eta beste hiru ikuskizun izango dira iraila, urria eta azaroan. Arratiandi kultur elkarteak eta Bapatean Zirko taldeak bultzatuta, umorea nagusi den programa prestatu dute datozen egunetarako. "Publikoak egiten du posible Atauri Art, urtez urte, behar denean laguntzen eta ikuskizunez disfrutatzeko sekulako gogoarekin", aipatu du Ruth Ibisate jaialdiko sustatzaileak, eta horregatik eurei keinu txiki bat egin eta haien ekarpena nabarmendu nahi izan dute aurten diseinatutako kartelean.
Zirkua, hasteko
Sara Alvarez protagonista duen zirku ikuskizunarekin abiatuko dute jaialdia ostiralean, 20:00etan; Txoriak txori akrobazia saioa eskainiko du herriko frontoian.
Larunbatean, hilaren 8an, IÒaki Carretero ipuin kontalariak emango dio hasiera jaialdiari, umeentzako izango diren hainbat ekintzarekin batera. Eta arratsalde betea izango da ostean, 18:00etatik aurrera, El Mono Habitado taldearen mikroantzerkia, Zirkulanduz taldearen ikuskizuna eta Jaio Kantaktrizen kontzertuarekin. Antzerkia eta zirkua batzen dituen saioarekin amaitu dute asteburua igandean, 12:00etan, Aimar y Cia. taldearen Etxea lanarekin.
Atauritik Korres (irailak 16) eta Maeztura (urriak 6) egingo du salto jaialdiak, eta atzera Ataurira bueltatuko da azaroaren 24an, Euskaraldi bete-betean. "Hainbat hilabete daramagu dena prestatzen, lan handia da, baina argi dugu merezi duela, eta herria ezagutzera emateko ere balio duela", esan du Ibisatek.