Artzaintzan, nekazaritzan eta ikatzaren salmentan aritu izan dira XX. mendeko 60. hamarkadara arte pipaondarrak; herrian ez zegoen beste ogibiderik. Hamaika edo hamabi urterekin hasten ziren mutikoak ikazkinei laguntzen. Emakumeek, berriz, arropa eta janaria eramaten zuten mendira, eta Errioxako herrietan ikatza saltzen zuten, Herrera mendatea oinez zeharkatu eta gero.
Usoa Otañok jaso zuen Arabako Mendialdeko emakume ikazkinen historia: "Emakumeek ordu asko ematen zituzten Errioxara jaisten zirenean; Eltziegora, Guardiara edo Cenicerora joaten ziren, mandoekin, eta goizeko lauretan abiatzen ziren, ilargi beteak lagunduta". Logroñora joaten zirenean, berriz, zortzi ordu edo gehiago behar izaten zituzten bidea egiteko; goizeko ordu batetan jaikitzen ziren eta gau osoa ToloÒoko mendilerroa zeharkatzen ematen zuten.
Herrira ailegatu ostean, kaleetan barrena ibiltzen ziren "ikatzaaaa, ikatzaaaa!" oihukatuz, baina gehienetan bazekiten zeinek erosten zuen eta zeinek ez. Ohiko bezeroek hurrengo egunetarako ere enkarguak egiten zizkieten.
Jateko, ogi pusketa eta txokolate-ontza bana. Ikatza saldu eta gero, toki ezagun batean batzen ziren itzultzeko bideari ekiteko. Egindako erosketak gainean bueltatzen ziren: ogia, bakailaoa, tomatea, piperrak, olioa…
Aitortu gabeko funtsezko lana egin dute emakumeek Mendialdeko herrietan, ez soilik ikaztegian. Hala nabarmendu zuen Pilar Alonso Pipaongo Usatxi kultura elkarteko sortzaileak, Berria egunkarian Jon Rejado kazetariak eginiko elkarrizketa batean: "Emakumea hutsaren hurrengoa izan da herrietan. 1960-1970eko hamarkadatik aurrera seme-alabak Gasteizera etortzen hasi ziren ikastera. Hortik aurrera, emakumezkoek ez zuten herrira itzuli nahi izan. Ordutik, herrien gainbehera gertatu zen".
Usatxi kultura elkarteak akuilu lan handia egin du herria dinamizatzeko, eta egun Museo Etnografikoa dute bertan, baita jardunaldi etnografikoak ere, abuztuan.