Udarako planak, Araban

Kodesko tontorrik garaiena

Erredakzioa 2018ko abu. 20a, 07:00

Araba eta Nafarroa banatzen dituen Kodesko mendilerroak Errioxa, Aragoi eta Gaztela-Leongo mendirik altuenak ikusteko aukera ematen du; Joar mendiko tontorrera iristeko bide eder ugari daude.

Hiru lurralde biltzen dira Kodesen: Araba, Nafarroa eta Errioxa. Kodesko mendizerrari Joar ere deitzen diote, hori baita mendiko tontorrik garaiena (1.416 metro). Arabako eta Euskal Herriko hegoaldeko mendi altuenen artean dago Joar, eta igoera bikainez disfrutatzeko aukera ematen du, herrialde batetik zein bestetik. Tontorrean antena instalazio bat dago eta bada bertaraino iristen den autoz igotzeko moduko pista, baina xarma bereziko mendia da hala eta guztiz ere.
 

Egun argietan ikuspegi ikaragarriak daude Joarretik.Kodesko mendizerrraren iparraldeko hegala Kanpezura begira dago, eta pagadia eta hariztia dira nagusi. Interes handiko sakan ederrak zeharkatu daitezke alde horretan, La Dormida bezalakoak. Hegoaldeko mendi-magalak, berriz, landare gutxi ditu, izatekotan arteak eta karraskak.
Haitz bitxiak ageri dira alde horretan, ezagunenak Kodesko bi ahizpak. Kondaira zahar baten arabera, Genevillako (Nafarroa) bi ahizpen irudi petrifikatuak dira. Legendak dio biak zirela beren amaordearen esklaboak. Eta, halako batean, ihes egin omen zuten, eta basoan ezkutatu. Iluna etorri eta bi ahizpak ez zirela etxeratu konturatuta, amaordeak madarikazio ikaragarri bat bota zuen: "Harri bihur daitezela", esan omen zuen, haserre. Andreak ez zituen gehiago ikusi, baina Kodesko bidean bi harkaitz sortu ziren, bata handia eta bestea txikiagoa.
Ahizpa txikira eta handira igotzeko eskalada ibilbideak egokitu zituzten XX. mendeko 50. hamarkadan, baina egun ez dira ia erabiltzen.
Ahizpek Punta Redonda eta Risco Royo haitzekin batera multzo ikusgarria osatzen dute, Penitenteen Haizpitartea izenekoa. Inguru horretara iristeko, hoberena da Nafarroako Torres del Rio herrian dagoen Kodesko Santutegitik abiatzea, Arabako mugan. Hori da, gainera, igoerarik ezagunena.
Bestela, Santi Kurutze Kanpetzutik kilometro batera, Ibernaloko Andre Mariaren ermitatik hain zuzen, badira bideak Joarrera igotzeko. Gainera, Ibernaloko parkea leku paregabea da mendi txango bat amaitzeko; gerizpe ona du, iturria, mahaiak, erretegiak eta kulunkak ere bai. Aparkatzeko tokia dago, eta taberna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago