Hiri-foruak lortu zituzteneko historia, oholtzara

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko uzt. 12a, 10:00

2011. urtean herri-antzezlana prestatu zuten Antoñanan. OSKAR ANZUOLA

Antoñanan eta Santikurutze Kanpezun Por 5.000 ducados de plata. Una historia de dignidad kale-antzerkia eskainiko dute asteburuan.

1635. urtean askatasuna nola berreskuratu zuten antzeztuko dute hilaren 14an eta 15ean Antoñanako eta Santikurutze Kanpezuko ehun biztanle inguruk. Por 5.000 ducados de plata. Una historia de dignidad izena duen obrarekin, oholtzara eramango dute bi herrirentzat garrantzi handikoa izan zen une historiko bat: Orgazko kondeari askatasuna erosi eta hiri-foruak lortu zituzten momentua, hain zuzen. Herri-antzezlanaren protagonista nagusiak Orgazko kondea bera eta herriaren kausaren defendatzaile bilakatuko den Pierolako komentu zaharraren abadea dira.

Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko liskar iturri izan ziren Erdi Aroko bi hiribildu hauen historiaren une zehatza kontatzen du obrak: Gaztelako erresumaren menpe, bi mendetik gora igaro zuten herritarrek basailutza hautsi eta hiri gutuna eskuratu zuten unea. Aske izateko, zilarrezko 5.000 dukat ordaindu behar izan zituzten, eta horretarako animaliak, errotetako garia eta baratzeko fruituak saldu behar izan zituzten. Pierolako komentuko abadearen laguntza izan zuten trantze horretan. Herri-antzerkiaren gidoia Antoñanako Koldo Berruete idazle eta irakasleak osatu du, eta Iñaki Barrio izan da antzezlanaren zuzendaria. Mendialdeko bi herritako ehun bizilagunek baino gehiagok parte hartu dute obran, eta martxotik ari dira entseguak egiten, astebururo Antoñanako gizarte etxean.

Oskar Anzuola kazetariak azaldu duenez, antzezpenak "gure arbasoek askatasuna eta foruak berreskuratu zuten unea gogoratzen du". Mendialdean esperientzia dute halako lanetan, izan ere 2011n Berrueteren eta Barrioren zuzendaritzapean estreinatu zuten El fuero de Antoñana, herriko berrogei lagunek. Kontakizunak, erromantzeak eta dantzak nahasten ditu, Por 5.000 ducados de plata. Una historia de dignidad kale-antzezlanak, eta Erdi Aroko bi hiribildutako kaleetan garatuko da kontakizuna. Izan ere, antolatzaileen esanetan, herritarren izaera eta herrien ondare arkitektonikoa nabarmendu nahi dituzte: "Gure herriek, haien arkitekturak, zeharkatzen ditugun bazterrek, gure izaerak eta ohiturek diraute, hein batean gure arbasoen ahaleginei esker. Hauxe da gure ondare handia".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago