Oraindik urtebete ez da igaro Izkiko behatokia Korresen martxan jarri zutenetik, baina orain arte ibilbide oparoa egin du La Otra Mitad elkarteak kudeatzen duen astronomia behatokiak. Bai espazio sakoneko behaketak egiteko zein eguzki sistemako objektuak aztertzeko erabiltzen dute behatokia, Izkiko parke naturalean izan ohi den zeru ilunari esker.
Orain, Izkitik bertatik Haumea ikusteko gai izan dira astronomia zaleak. Kuiper gerrikoan kokatuta dagoen objektua da Haumea, Neptuno baino harago, eta 2008. urtean Nazioarteko Astronomia Batasunak planeta nanoen kategorian sailkatu zuen, Plutonekin, Zeresekin eta beste hainbat objekturekin batera.
Duela 15 urte topatu zuten Haumea, baina haren azterketa arras zaila izan da, distantzia itzelera dagoelako. Eguzkitik gertuen dagoenean, 35 unitate astronomikora (UA) dago, hau da, Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia halako 35era. Urrunen dagoenean, berriz, 51 UAra dago. Eguzkiari bira bat emateko, berriz, 283 urte behar ditu. Denborarekin jakin ahal izan da Haumeak bi satelite txiki dituela, eta inguruan eraztuna ere baduela. Zientzialariek uste dute eraztun hori talka izugarri baten ondorioz sortu zela, eta orduan askatu ziren materialetako batzuk planeta nanoaren inguran orbitatzen geratu zirela.