Eskolaz kanpoko ekintzetako garraioan bereizketak daudela salatu dute

Mirian Biteri 2018ko mai. 8a, 10:38

Kirol jardueratan izena emanda duten neska-mutikoei Diputazioak garraio zerbitzua jartzen dien bitartean, jarduera kulturaletan dauden umeak kanpoan uzten ditu.

Aspaldiko arazoa eraman dute asteotan Mendialdeko Santikurutze Kanpezuko eta Maeztuko guraso elkarteetako ordezkariek Arabako Batzar Nagusietara; zehazki, eskolaz kanpoko ekintzetan herrietako ikasleen garraioarekin dituzten arazoen berri eman dute.

Mendialdea IPI guraso elkarteko ordezkari Maite Fernandez Melerok azaldu du aurten kirolarekin eta kulturarekin lotutako eskolaz kanpoko bederatzi jarduera antolatu dituztela, eta, horietan, 155 neska-mutikok parte hartzen dutela. Futbola, patinaje edo eskalada bezalako jardueratan izena emanda duten 91 umeentzako garraio publikoa jartzen du Diputazioak; ez, ordea, musika, marrazketa edo ingelesa aukeratu duten 64 ikasleentzako.

Egoera "bidegabea" dela salatu dute Mendialdeko guraso elkartekoek eta baita Denon Eskola federaziokoek ere. Horren harira, honakoa azpimarratu du Fernandez Melerok: "Ez du zentzurik ume horien herrietatik erdi hutsik pasatzen diren autobusek zerbitzurik ez ematea. Hainbat familiatan seme-alaba batek kirol ekintza batean du izena emanda, eta beste batek kultura jarduera batean; eta lehenengoak autobusa duen bitartean, bestea gurasoekin joan behar da".  

Araudia aldatzea

Ez da lehenengo aldia, behin baino gehiagotan arbuiatu dute bereizketa hori: "Diputazioari hainbat bidetik eskatu dizkiogu azalpenak. Kultura, Kirola eta Euskara diputatuaren erantzuna da jarduera kulturalak ez daudela bere ardurapean, eta, hortaz, ezin direla bete. Ez dauka zentzurik. Ez ditugu autobus gehiago eskatzen; dauzkagun zerbitzuak optimizatzea nahi dugu. Ume guztiek garraioa izateko eskubidea izan dezatela eskatzen dugu; gurasoen menpe egon ez daitezela eskola jardueratan parte hartu ahal izateko".

Batzar Nagusietan arazoa azaldu ostean, EH Bilduk Diputazioari horren harira egindako galderen erantzunaren zain daude orain. "Diputazioak hausnarketa egin dezala espero dugu; indarrean dagoen araudia Mendialdean bizi dugun errealitatera egokitzea, besterik ez", aipatu du guraso elkarteko kideak. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide