Martxan da dagoeneko Apinaizko hodi biltzaile berria

Erredakzioa 2018ko api. 9a, 12:22

Maeztuko araztegian garbituko dituzte Apinaizko urak. Irudia:AFA

Azpiegitura berriak Apinaizko hondakin urak Maeztuko araztegira bideratuko ditu.

Apinaizko hondakin urak dagoeneko Maeztuko araztegian garbitzen ari dira, zeregin horretara bideratutako hodi berria martxan jarri dute eta.

Hiru kilometro eta erdiko luzera du hodi biltzaileak, eta ibilbidearen zatirik handiena A-4123 errepidearen parean doa. Foru erakundeak 367.500 euroko inbertsioa egin du azpiegituran.

2015ean abiatu zen egitasmoa, Diputazioak zabaldutako ohar baten arabera. Urte horretan Apinaizen araztegi bat eraikitzeko proposamena mahai gainean jarri zuten, baina geroago urak Maeztuko araztegira eramatea erabaki zuten. Prozesua errazteko, grabitatearen indarra baliatzea eta hodi biltzailea eraikitzea proposatu zuten orduan.

Kanpezun beste hodi biltzaile bat eraikitzeko lanen esleipena ere martxan dagoela jakinarazi du Diputazioak. Obra horien hasierako aurrekontua 233.290 eurokoa da. Lanak uda aurretik hastea espero dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago