Gure bazterrak

Mendialdeko perla

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 6a, 19:00

Antoñana herria, Kanpezuko udalerriaren barruan. MIRIAN BITERI

Antoñana Erdi Aroko hiribildu harresitua Euskadiko Monumentu Nazionala da. Muino batean eta antzinako gotorleku baten gainean kokatuta dago, Ega ibaiaren ertzean.

Antoñana Erdi Aroko hiribildu harresitua Euskadiko Monumentu Nazionala da. Muino batean eta antzinako gotorleku baten gainean kokatuta dago, Ega ibaiaren ertzean. 1965ean Kanpezun batu arte berezko udalerria osatzen zuen, Bujanda bere barnean hartzen zuena. Herritik Soila mendirantz jarraituz gero, baso mardula dugu; ehun urtetik gorako hagin batzuk, bi zuhaitz-bitxi –ezkia eta hagina–, eta beste zuhaitz batzuk –pagoak, haritzak eta artea– aurkituko ditugu. Handik hurbil dagoen leku eder batean Aguaque erretena dago; ur-jauziak sortzen dituzte han inguruko ibaiek. Antso VI.a Jakituna Nafarroako Erregeak hiribildu-gotorleku moduan sortu zuen 1182. urtean Antoñana, inguruko mugimendu guztiak kontrolpean izateko eta bere erresuma mendebaldera zabaldu nahian. Azken hamarkadetan lan eskerga egin dute Antoñanako harresiaren handitasuna berreskuratu ahal izateko. Herri gehiena inguratzen du, eta mendeek aurrera egin ahala bestelako erabilera eman dizkiote. Errepidetik ikusten den harresian etxebizitzetako leihoak ikusten dira, besteak beste. Bost eta hamabi metro arteko altuera du harresiak, eta 1,3 metroko lodiera. Iparraldetik hegoaldera doazen bost kale paralelo daude eta horien ardatza Kale Nagusia da, eta kale horren bi muturretan dorre gotor zaharra eta eliza daude. Kantoien bidez lotzen dira bost kale horiek, eta hainbat eraikin ikusgarri eta txoko eder daude horietan. Nabarmentzen dira Orgazko kondearena izan zen XIII. mendeko dorretxea eta XVI. mendeko Elorzatarren etxe-jauregia Bestalde, herriko kartzela izan zen XVII. mendeko beste eraikin batean egun Erle zentroa eta erakusketa aretoa kokatu dituzte, inguru horretan erlezaintzak izan duen eta duen garrantzia erakusteko. Halaber, herriaren ondoan erlearen omenezko monumentua dago, eta mahai eta erretegiak dituen parkea. Hiribilduaren erdigunean pilotalekua dago.

Fitxa:

Kuadrilla: Mendialdea.

Udalerria: Kanpezu.  

Biztanleak: 143 (Eustaten 2017ko datuen arabera).

Bitxikeria: Berezia da Antoñanako eztia, eta haren inguruan Ezti Azoka ospatzen dute, urtero. Maiatzaren 5ean izango da aurten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago