Azazetan eraildakoak gogoratuko dituzte

Mirian Biteri 2018ko mar. 21a, 11:30

'Azazeta 1937 Oroimenetik Askatasunera' ekimenaren barruan, mendi martxa eta ekitaldia egingo dituzte larunbatean.

Dagoeneko 81 urte pasa dira, Mola jeneralaren aginduz, Azazetako mendatean 16 lagun fusilatu zituztenetik. Hain justu ere, martxoaren 31ko gauean, Gasteizko Bake kaleko presondegian kartzelatuta zeuden korronte ideologiko eta alderdi politiko desberdinetako ordezkariak euren ziegetatik atera zituzten guardia zibilez, erreketez eta falangistez osaturiko talde batek, eta bi ibilgailutan Azazetara eraman eta fusilatu ostean, lurperatu zituzten.

Sarraski horren urteurrenean Azazeta 1937 Oromeinetik Askatasunera ekimena antolatu dute EH Bildu, Ahal Dugu, Ezker Anitza eta Equo-Berdeak alderdi politikoek. Larunbatean, hilak 24, hasiko dira ekintzak. Hildakoek egindako azken bidaia egingo dute partaideek. Bake eta Posta kaleetako bidegurutzetik aterako da martxa; Azazetako gaineraino autobusez eta, hortik oinez, herriraino jaitsiko dira. Jarraian, 12:30ean, ekitaldia egingo dute. Mendi martxan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea. Bestalde, hilaren 26an, memoriari lotuta Sartagudan edo Elgeta bezalako herrietan martxan jarritako ekimenak zehazteko hitzaldia deitu dute Goiuri jauregian, 19:00etan.

Eskultura Gasteizen

Gasteizko Udalak ere sarraskia gogorarazteko ekitaldia prestatu du martxoaren 31rako. Posta kalearen eta Agirre Lehendakariaren kalearen arteko bidegurutzean,  errepresio frankistaren biktima izan ziren gasteiztar guztien omenez jarritako eskultura bat inauguratuko du.

Martxoaren 31n errepresaliatutako gasteiztarrei aitorpena egiteko eguna izendatuta, Udalak amaitutzat emango du Memoria Historikoaren Planean jasotako ekintzetako bat, azken asteotan lau oroimen-leku inauguratuz gauzatu dena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide