Ikusgarriena eta, arkeologoen ustetan, konplexuena Haitzeko Andre Mariaren multzoa da, bere barruan bost koba gordetzen dituena. EAEko Monumentu Historikoa da, eta erkidegoan geratzen den gurtza baselizarik zaharrena. Haitzeko Andre Mariaren elizara joateko bide bat dago Faidutik, eta bidearen amaieran eskailera eta plataforma bat, elizako atearen aurrera eramaten duena, hain zuzen ere. Haitzaren zuloak aprobetxatuz egindako eraikina da, eta hortik datorkio izena. Bi zati ditu: haitzari atxikitako atondoa eta bertan zulatutako tenplua. Harrizko aldare handi bat dago elizan, eta atondotik abiatuta bigarren solairura joateko aukera dago; bertan kofradeen aretoa, egongela ugari eta landako kapera daude. Lurrean hilobiak daude eta hormetako batean gorriz margotutako zuhaitza. Teilatu ondoan inskripzio zaharrak dituen kobazulo bat dago. Ermitako kanpandorre txikia ere haitzaren gainean eraiki zuten. Eliza zaharra denbora luzez egon da itxita, teilatua oso egoera txarrean zegoelako, eta itogin zein hezetasun ugari zituelako. Iaz, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntzei esker, teilatu osoa aldatu zuten, eta maiatzean ireki zuten berriro. Elizara sartu nahi duenak giltzak eskatu behar ditu, herrian. Faidutik bertatik, PR-A-77 bidea hartuz gero, Lozara, Peña Hueca izeneko beste leize bat ikus daiteke; animalien eta gurutzeen grabatu ugari jaso dira bertan.