Errepideak sortzen duen arriskua saihestea helburu, pasa den ostegunean Foru Aldundiarekin izandako bileraren berri eman du Azazetako Administrazio Batzarreko kide Iker Ibañez de Zuazok.
Dagoeneko batzarra izan duzue Diputazioarekin.
Bai, hala da. Hori zen, hain justu, elkarretaratzearekin bilatzen genuena. Denbora dezente zeraman gaiak geldi; aspalditik genuen bilera eskatuta, baina ez zen iristen. Elkarretaratzea egin eta azkar jaso genuen batzartzeko deia. Pasa den ostegunean elkartu ginen, eta segurtasuna hobetzeko dauden aukera ezberdinak landu genituen.
Konpromisorik atera zen bertatik?
Bai. Batetik, Trafikori radar finkoa jartzeko eskaera egiteko konpromisoa hartu genuen Azazetako Administrazio Batzarrak, Maeztuko Udalak eta Diputazioak. Abiadura murrizteko neurri azkarrena eta eraginkorrena dela iruditzen zaigu. Aspalditik genuen eskatuta, baina erantzunik gabe.
Bigarren neurri bat ere adostu zenuten, ezta?
Bai, zeharbidea urbanizatzeko asmoa berreskuratu zen. Orain dela bi urte Diputazioak proposatutako kontua da hori; garai hartan Diputaziotik esan ziguten zeharbidean ezin zela zebra-bide bat bakarrik jarri, eta hainbat urbanizazio elementu ere jarri behar zirela, hala nola, espaloiak, argiztapena edo autobus geltokia. Ontzat hartu genuen planteamendu hori ere, segurtasuna nabarmen hobetuko zuelako. Zirriborro bat egin zuten, baina, azkenean ez zen ezer egin; seinaleztatu zen, besterik ez. Bileran proiektu horri berriro helduko diotela esan zuten, eta, urtea amaitu baino lehen, lanak eginda egongo zirela.
Dena dela, ez duzue uste neurri horrekin segurtasuna erabat bermatuko denik...
Ez, inguruko beste hainbat herritan, Maeztun, esaterako, horrelako zerbait egin da eta ez da oso eraginkorra. Ni neu saiatu naiz errepidea gurutzatzen bertako semaforoa autoentzako gorri zegoenean, eta ezin pasatu, gidari bat ez zelako geratu.
Pozik, dena dela batzarrarekin?
Bai, gaia azkar tratatu delako eta akordioetara iritsi garelako. Orain ikusteko dago neurriak noiz iristen diren. Dena dela, gure helburua saihesbidea da, eta horrela jakinarazi diegu Diputaziokoei. Behin betiko irtenbidea errepidea herritik ateratzea dela ulertzen dugu herritarrok, eta beraiek aurtengo Arabako Errepideen Osoko Planean (PICA) eskatzeko esan ziguten; etorkizunean egin daitekeela aipatu zuten. Kontuan hartu behar da errepide honek gero eta trafiko gehiago duela; Lizarrara doan bide bakarra da eta astegunetan kamioi asko pasatzen dira.
Trafiko kopuruari abiadura gehitu behar zaio...
Hala da. Badakigu oraindik ere errepidearekin jarraitu beharko dugula bizitzen, eta guk eskatzen duguna da abiadura murriztu dezatela, ez trafikoa. Herria bitan dago banatuta, eta alde batetik bestera lasai pasatu ahal izatea nahi dugu. Guk hainbat datu ditugu, Diputazioak pasatutakoak; horien arabera, herritik igarotzen den ibilgailuen %5a abiadura muga errespetatzen du; zehazki, 50 kilometro ordura pasatzen dira; %15a, %50 eta %70 artean; eta gainerako %80a, hortik gora. Osteguneko bileran esan ziguten seinaleztapen neurriak hartu ostean datu horiek zertxobait hobetu zirela, baina ez nahikoa.
Zelan eragiten dizue herritarrei errepidea erdian izateak?
Asko alde batetik bestera pasatzen gara egunero. Ume eta nagusi asko daude, horrek duen arriskuarekin. Herriko haurrek debekatuta dute zenbait tokitara joatea; nagusienak, berriz, arriskuan daude errepide ondoan dagoen dendara joaten direnean edo mezara doazen bakoitzean.
Araban badaude beste hainbat herri antzeko arazoa dutenak. Harremanetan al zaudete?
Ez. Baina, gure errepidea, A-132, Mendialdeko beste herri batzuetatik igarotzen da, eta badakigu horietan ere arazoak daudela. Gainerako herrietan zenbait urbanizazio elementu jarri dira; gurea da horrelakorik ez duen bakarra. Baina, esan bezala, ez dira eraginkorrak, gidariek ez dituztelako errespetatzen. Guk, esaterako, eskatu duguna izan da herri bakoitzean radar finkoa jartzea eta zoriz funtzionatu dezatela.