Kanpezuko aterperako 360.000 euro aurreikusi dituzte

Mirian Biteri 2017ko abe. 20a, 12:26

Datorren urterako aurrekontuak onartu ditu Udalak; aterpearekin batera, Senpa berrituko da.

Urrian eta azaroan zehar, herritarrekin hiru bilera eta udalerriko bost administrazio batzarrekin beste bat egin ostean, onartu ditu Kanpezuko Udalak datorren urterako aurrekontu orokorraren proiektua. Kaixoko ordezkarien aldeko botoa jaso dute kontuek; EAJ-ko zinegotziek, bitartean, kontra bozkatu dute.

Hiru arlotan daude banatuta horiek: alde batetik, 1,07 milioi euro pasatxoko ohiko aurrekontua dago; diru-sarrera eta gastuen arteko oreka mantentzea lortu da atal horretan. Inbertsioak kontuan izanda, 1,586 milioi eurora igotzen da esandako kopurua; eta ikastetxeen partzuergorako partida gehituta, aurrekontu orokorra 1,694 milioi eurokoa izango dela aurreikusi dute Kanpezun.

Inbertsioen atalean, bi proiektu nagusi dituzte eskuan artean datorren urteari begira: udal aterpearen bigarren faseak 360.000 euro jasoko ditu. Dagoeneko konpondu dute herriko maisuen etxe zaharreko eraikina, kanpotik; eta, orain, barrualdea egokitzeko lanak egin behar dira.

Senpa berritzea

Bigarrenik, 138.250 euro bideratuko dira Senparen eraikina berritzeko. Egoera txarrean dago bihitegi zaharra, eta obra horiekin egituran kalte gehiago sortu daitezen ekidi nahi da, udal azpiegituretarako, biltegirako eta artxiborako berreskuratuz. Gazteleku berriak 45.000 euro jasoko ditu, eta 40.000 euro aurreikusi dira osasun etxe berriaren parean plaza bat egiteko.

Kanpezuko Udaleko zinegotzi Manu Muñozek azaldu du urte osoan joaten direla herritarren proposamenak jasotzen, eta aurrekontuen inguruan sortutako lantaldeetan lehentasunak zehazten direla, bakoitzaren urgentziaren edo onuragarritasunaren arabera. Hori horrela, onartu berri diren kontuetan aparkaleku berriak egiteko, egoitza margotzeko edo kiroldegiko estalkia konpontzeko partidak ere badaude.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide