Paseatzen ari zela, koloretako puxika batzuek atentzioa eman zioten, sasi batzuetan katigatuta. San Martingo azokakoak izango zirelakoan, etxera eramateko hartu zituen, eta hara non deskubritu zuen globoek mezuak zeramatzatela lotuta. Ingelesez idatzita, herriko eskolara eramateko eskaera zekarten. Halaxe egin zuen Kanpezuko bizilagunak, eta Mendialdea institutura heldu ziren burbuila hegalariak, 1.200 kilometro zeharkatu ondoren.
Lodreseko Wembley auzotik bota zituzten puxika horiek azaroaren 13an, eta 24 ordutan Arabara iritsi ziren, Mantxako kanala, Frantzia zati bat eta Kantauri Itsasoa zeharkatu ondoren. Hamar eta hamaika urteko haur batzuek jaurti zituzten Barham Primary Schooletik, bullying-aren aurkako mezuak mundura zabaltzeko asmoz; errespetuz jokatzeko aholkuak bidali zituzten, baita jarrera positiboaren aldeko gomendioak ere.
Arabatik zerura
Wembleyko eskolarekin harremanetan jarri ondoren, mezu-katearekin jarraitzeko erabakia hartu zuen Mendialdea institutuak. Hala, pasa den astean, eskola-jazarpenaren aurkako globoak askatu zituzten Kanpezuko futbol zelaitik, ingelesezko eta euskarazko mezuak lotuta, eta kontakturako datuak zehaztuta.
Adin guztietako ikasleek hartu zuten parte abenduaren 4ko ekintzan, Haur Hezkuntzatik Batxillergoraino. Nafarroa aldera egin zuten hegan puxikek, eta oraindik zain daude, nora iritsiko ote ziren.