Pasa den uztailean, osasun zentro berria martxan jarri zenetik, hutsik daude Kanpezuko Samuel Picaza plazako instalazioak. Egoera horri buelta eman nahi dio Udalak, eta dagoeneko erabakita dago erabilera berria: ekintza kulturaletarako bideratuko dute; bereziki, musikarekin lotutako ekintzak hartuko ditu laster anbulatorio zaharrak.
Hain justu ere, iaz martxan jarritako eta orain arte kultura etxean kokagune izan duen musika eskola izango da lehen hartzailea. Egun, 27 umek parte hartzen dute proiektuan; nagusientzako eskolak eman nahi dituzte, baina horretarako toki gehiago behar dute. 160 metro koadro dituen anbulatorio zaharrak aseko du behar hori. Lehen urratsa izango da, izan ere, bestelako musika eragileei zabaltzeko asmoa ere badu Udalak.
Vital Fundazioa da higiezin horren jabea, eta hortaz, erabilera berria emateko, lankidetza hitzarmena sinatu behar du Udalak. Horrez gain, hainbat obra ere egin behar dira, hala nola, margotzea eta intsonorizatzea. Auzolanean egingo dituzte lanak.