Jarduera ekonomikoaren faltagatik kezkatuta, nekazaritzaz gain ez baita bestelako egitasmorik, ideia lehiaketa aurkeztu dute Harana bailaran. Zerbitzu eta proiektu berriak sortu nahi ditu Udalak, eta horretarako prestatu dute lehiaketa, publiko ororentzat. Nirea izeneko ekinaldiaren bitartez, udalerriko landa eremua "suspertu" nahi dutela azaldu dute.
Lehiaketaren azkeneko helburua da udalerrian jarduera ekonomikoa sortzea, dagoeneko sortuta dauden azpiegiturei irteera emanez. "Horretarako, lehen fase batean, eskualdearen errealitatera egokitutako ideia berritzaileak lortu nahi dira, ideian interesa duen sustatzaileren batek hurbileko etorkizunean garatu ahal izateko", azaldu dute ohar batean. Urriaren 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dira proposamenak.
Honetan 18 urte baino gehiagoko pertsona edo taldeek parte har dezakete, dagoeneko Harana bailaran sortuta dauden pabiloietan kokatu daitekeen enpresa jarduera berri bat aurkezteko.
Proiektuen aurkezpena
Ideiak formatu desberdinetan aurkeztu ahal izango dira (aurkezpen idatzia, ikus-entzunezkoa…), baina denek produktu, negozio edo zerbitzuaren deskribapena egin beharko dute, eta beste hainbat baldintza bete beharko dituzte; proposatutako ideiarekin konpontzen duten beharra azaldu beharko dute, ideiaren izaera berritzailea zein den, markentin eta salmenten estrategia, eta negozioaren garapenerako beharrezko den lantaldearen profila.
Azaroaren 23an jakinaraziko dute epaimahaiaren erabakia. Lehenengo sariak 1.500 euro jasoko ditu eta Nirea aitorpena.Bigarren irabazleak, berriz, bertako produktuen saski bat, asteburu bateko egonaldia Arabako Mendialdeko landa turismo batean eta Nirea aitorpena jasoko du.