Aldundiak Santikurutze Kanpezun garbigune-bilketagunea egiteko obrak kontratatzea onartu du. Guztira, 701.689 euroko aurrekontua izango dute eta, horri esker, Kanpezuk azpiegitura berri bat izango du batez ere Arabako Mendialdeko Kuadrillako herritarrei zerbitzua emateko.
Garbiguneetan gaika biltzen dira etxeko hondakin bereziak, hain zuzen ere, duten bolumenagatik edo kantitateagatik, ohiko edukiontzietan utzi ezin direnak, besteak beste CDak eta DVDak, lastairak, obra txikietako hondakinak, altzariak, pneumatikoak, paletak, arropa, inausketen hondarrak, olio erabilia, aerosolak edo erradiografiak. Horrelako hondakinak, bildu ondoren, instalazio espezializatuetara eramaten dituzte, gero berrerabili edo birziklatu daitezen.
Kanpezuko bilketagune berriaz gain, lehendik badaude halakoak Amurrion, Langraiz Okan, Oionen, Tuestan eta Dulantzin (Aldundiak kudeatuak), bai eta bi Gasteizen eta bat Agurainen ere (dagokien udalek kudeatuak), eta Laudion beste bat (Kuadrillak kudeatua).
Bederatzi gune horiekin batera, 2018tik aurrera Kanpezuko garbigunea izango da prest.