Izarrak gertuago daude orain, Izkin estreinatu duten behatokiari esker

Erredakzioa 2017ko urr. 6a, 08:00

Eguzki sistemako objektuak eta askoz urrunago dauden munduak ikusteko aukera dago. Irudian, Andromeda galaxia. | Mikel martinez

Izkiko astronomia behatokian diziplina honen dibulgazioa eta zientzia lanak tartekatuko dituzte astronomia zaleek.

Larunbatean eman zioten hasiera ofiziala behatokiaren jardunari, eta ekitaldirekin gustura azaldu dira La Otra Mitad elkarteko kideak. Halere, eguraldiaren kontra joaterik ez dago: hedabideei eta zaletuei gonbita egin zieten astronomia zaleek, baina hodeiak ere azaldu ziren hitzordura. Jakina da, ordea, hodeiak azaltzea dela noizean behin astronomoek nozitu beharreko patua. 

Hitzaldiak, musika eta pintxoak izan zituzten; eta, tartean, behaketa txikiren bat. Hori egin ahal izateko, bi modulu jarri dituzte Izkiko parketxearen goiko aldean. Arraia-Maeztuko Udalaren eta Diputazioaren laguntzarekin osatu dute egitasmoa. Erakundeek finantziazioa jarri dute, eta  astronomia zaleek, berriz, barruko ekipoak eta instalazioa kudeatzeko borondate ona. 

Modulu bakoitzean teleskopio bana dago.  Zaletuak izanda ere, tresna horiekin zientzia komunitatearentzat baliagarriak diren lanak egin ahal izango direla azaldu dute astronomoek. Tartean, Lurretik gertu igarotzen diren asteroideak atzeman edota eguzki sistematik kanpo dauden exoplanetak ikertu ahal izango dituzte. 

Urruneko behaketa

"Ikaragarria da gaur egun teleskopio hauek daukaten zehaztasuna; horrek zaletuoi aurkikuntza zientifikoak egiteko aukera ematen digu", azaldu du Mikel Martinez astronomia zaleak.

Zeruko objektuak aurkitu eta jarraitu ahal izateko, teleskopioak automatizatuta daude, baina harago joan eta behatokia urruneko behaketarako prestatu nahi dute. Modu horretan, teleskopioak etxetik erabili ahal izango dituzte, behatokira hurbildu behar izan gabe. Horrela lan egiten dute mundu osoko astronomoek, eta horrek asko errazten die lana. 

Bestetik, zerura begiratzeak suposatzen duen plazer hutsa aldarrikatu dute; sinestezinak diren distantzietara dauden objektuak zuzenean ikustean jasotzen den gozamena, alegia. Azkenik, espero dute behatokia lagungarria izatea zeruari buruz gizarteak galdu duen ezagutza berreskuratzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago